2016-12-24

OPARIAK ATE JOKA

Badator Olentzero, bai, laster izango dugu etxean opariak sartzen, tximiniatik, balkoitik edo ahal duenetik sartuta. Gure umeengan igartzen da, gehienbat, zer-nolako ilusioa sortzen duen urde tripandi horrek Gabon Gauaren bezperako egunotan. Eta nagusiok, pozarren gure txikien pozari so.

Olentzero nor den badakigunok, ostera, fikzioari muzin eginda, diru-zorroari erreparatzen diogu gehiago egun hauetan. Badakigu, jakin, oraingo gastuaren tamainaren araberakoa izango dela geroko ikearen zailtasuna, eta, horregatik, tentuz eskatzeko esaten diegu umeei, Olentzerok ezin duela eskatzen zaion guztia ekarri eta hobe dutela, ezer eskatu aurretik, zer nahiago duten ondo hautatu.

Horrela, ilusioaren eta gastuaren arteko talka horretan balantzaka, opariak erosteari ekiten diogu denok, batzuek gehixeago, eta bestetzuek gutxixeago. Eta, jakina, umeentzako opariak ez eze, maite ditugun helduentzakoak ere erosteko garaia iritsi da. Galdezka ibiltzen gara zer nahi edo beharko lukeen urliak edo sandiak, edo, beste barik, zer oparituko geniokeen berendiari. Askotan, zuzen-zuzenean ere galdetzen digute zer nahi dugun Olentzerotarako; neuri, behintzat, urtero egiten didate galdera hori hainbat hurkok.

Bada, erantzuna betikoa izan ohi da, ez dudala ezer berezirik behar, badudala denetarik eta dirurik alferrik ez gastatzeko nirekin. Baina, beharbada, erantzun horrek ezkutatzen duen benetako beste erantzun bat behar luke: ez dut ezer materialik behar, badut denetik, bai, egia da, baina, akaso, beste zertxobait behar nuke. 

Denek bezala, maitasun pittin bat gehixeago behar nuke, agian. Eta, batez ere, zintzotasun handiagoa ingurukoen aldetik; hipokresiarik gabeko jarrera zintzoa, alegia. Eta hori guztia oparitzeko, zer hobe komunikazio maila handiagoa baino? Bada, horixe nahi dut nik, maitasunean eta zintzotasunean oinarri duen komunikazio erraldoia, edo, nahiago bada, komunikazioan oinarritzen den maitasun zintzoa, zintzotasun maitagarria, itzela. Ni neu, behintzat, horixe oparitzen ahaleginduko naiz egunotan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina