2017-01-13

NORK ETA NOIZ ERABAKI?

Hasi berri dugun 2017 urte honetan, Euskal Herriko ehunetik gora herritan bozkatu ahalko dugu euskal estatu burujabea nahi ote dugun. Ez da erronka makala, gero, Gure Esku Dagok helburu duena; nonbaitetik hasi behar, inoiz Euskal Herri osoak erabakiko badu.

Txalogarria deritzot GEDen ekimenari, batik bat, herri ekimena delako eta, berriro ere, agerian uzten duelako gizartea politikarien aurretik ibili ohi dela. Herriak zer nahi duen aldarrikatu egin behar, inoizkotan agintariek “eman” diezaioten. Gora herria, beraz!

Alabaina, badira bi kontu oso ondo ulertu ez ditudanak GEDek egingo dituen galdeketa hauetan; bata, bozkatzeko azpitiko adin-muga, eta, bestea, askotariko data.

Lehenengoari dagokionez, susmagarria dirudi bozkatzeko adina hamasei urteraino jaitsi izanak. Teorian, behintzat, zenbat eta gazteago izan, hainbat eta gogo handiagoa izango dute bozkatzaile gazteek baiezkoa emateko, izan ere, burujabetza betitik izan baita gazte jendearen xedeetako bat. Zer arriskatu gutxiago izaten da gaztetan, eta, hortaz, boto ausartagoa eman izan da beti adin horretan. Beharbada, horrexegatik esaten da norbanakook iraultzaileagoak garela hogei bat urterekin, eta kontserbadoreagoak, ordea, berrogei bat urtetik gora. Gainera, asmoa baldin bazen Espainiako adin nagusigo ofizialarekin bat ez egitea, berdin-berdin ezar zitekeen hamazazpi edo hemeretziko adin-muga, ezta?

Aurtengo askotariko bozketa-egunei gagozkielarik, berriz, guztiz kontraesankorra deritzot nik. Izan ere, herri oso baten erabakimena aldarrikatzea baldin bada xedea, albait batuen eta, hortaz, egun berean egitea litzateke egokiena, nik uste. Herriz herriko antolaketa eta zuzeneko esku hartzea beharko da, ezbairik gabe, baina helmuga bera dugu herri batean edo bestean bozkatuko dugunok: munduari erakustea euskaldunok nazioa garela eta geure tokia aldarrikatzen dugula munduko mapan. Beraz, helburua hori izanik, bozkatzaile kopuruak batu eta, horrela, kopuru orokorra bikoiztu, laukoiztu edo hainbatetan biderkatuta, ozenago eta sendoago esango genioke munduari Euskal Herria badela, euskaldunok burujabeak garela. 

Ez dakit nik, bada, baina susmoa dut honek guztiak seriotasuna eta koherentzia kentzen diola erabakimenaren aldeko herri mugimenduari, eta, urteetako lan neketsuaren ondoren, ez nuke nahi beste herri mugimendu batzuei gertatu bezala (eta ESAIT dut buruan) gertatzea GEDi ere; lehengo abenduko partidaren irudi tristeak zer pentsatua eman dit eta.