2009-08-28

AMAIERA DATORRENEAN

Lo dago aita. Bere betiko lekuan, sofa txikian, lo. Normala ei da, laurogeitazak urte edukita, hainbesteko logura izatea. Eta, lo dagoela, askotan bezala, begira egon natzaio, ezer esan gabe. Zer pentsatua ematen dit horrelakoetan, oraino zer izan den eta orain zer den ikusarazten baitit. Heriotzaz pentsarazten dit beraren irudiak, beraren bizimoduak.

Behin erretiroa hartzera behartuta, ezer gutxi gehiago geratzen zaio mundu honetan egiteko XX. mendeko hasieran jaiotako agure bati. Zahartzaroa, belaunaldi horretakoentzat, badirudi itxarote hutsa dela, zain egote bat, heriotzaren peskizan. Izan ere, ez daude prestatuta bizitza bizitzeko, ez behintzat ohiko lanaz eta egitekoez haratago.

Oraintsu esnatu da aita, telebistaren zaratak-edo iratzarrita. Film bat ari dira ematen eta eszena bortitz baten zalapartak ekarri du mundura bueltan. Telebistan zer edo zer ikusteko ote dagoen galdetu dit, zerbait ipin diezaiodala agindu dit. “España Directo” jarri diot, eta bai, horixe ikusi nahi duela azaldu du.

Telebista da, gaur egun, gure agure-atsoen entretenimendurik behinena. Jada ez dira gai izaten eguneroko elkarrizketetan murgiltzeko eta, ezintasunak horretara bultzatuta, telebistak eskaintzen dien pasibotasuna nahiago dute. Gainera, alarguna izanik, seme-alabok baino ez gatzaizkie geratzen horietako askori, eta askok eta askok ondorengorik ere ez dute.

Tristea begitantzen zait zahartzaroa niri. Jaiotzeak heriotza zor, esaerak dioenez, baina zahartzaro luze eta goibel batek garamatzan heriotzak, askotan, agonia hutsa dirudi. Beldurra ematen dit zahartzaroak, zertarako ezkutatu. Beraz, itxaropena da dudan aukera bakarra. Espero dut niri egokituko zaidan amaiera bestelakoa izatea.

2009-08-26

ESTURA

Gizakiok beti kexaka ibili ohi gara denbora faltan gabiltzala, bizitza konturatu gabe doakigula, ez dakit zer eta badakit nor. Bada, nire ustez, lanak jaten digun denbora hori osorik eta guretzat dugunean ere, batzuetan, ez dakigu zer demontre egin. Edo horixe da, behintzat, niri egunotan gertatzen ari zaidana. Izan ere, oraindik oporretan nagoela, arazo txiki bat daukat denborarekin.

Gero eta denbora gutxiago falta da lantokira bueltatu behar izateko eta, teorian behintzat, pozik egon beharko nuke; batetik, lana dudalako krisi-garai hauetan, eta, bestetik, oporretan nagoelako oraindik ere. Hilabete opor izatea ez da makala, ez behintzat egungo lan-prekarietatean zer eskubide gutxi izaten diren ikusita. Baina, nolakoak diren gauzak, zerbaitek kale egiten dit; edo, agian, zerbait sobera daukat egunotan: denbora.

Ez dut esan nahi, ez, oporrik ez dudanik nahi, edo opor gutxiagorekin ere nahikoa nukeenik. Lanean nagoenean, neu ere, lankideak bezala, oporren irrikan izaten naiz, noski. Oporraldietan, ordea, egunak ordu gehiegi izaten ditu batzuetan, eta, horrela, denbora larregi izaten da pentsatzeko, hausnartzeko, benetan zertan ari garen sakontzeko, eta, beharbada horregatik, deseroso izaten naiz batzuetan, ez baitakit ziur zer demontre pintatzen dudan nik mundu honetan. Bitxia bada ere, estutu egiten nau soberako denbora izate horrek, eta ez dut gogoko estualdian murgiltzea.

2009-08-03

TXAPITULATIK

Ondoko atarian oihuak eta maldizioak entzuten dira. ¡Que te follen! ¡Vete a tomar por culo, hijo de puta! ¡Sinvergüenza de los cojones! Gazteak dira, ahotsagatik behintzat gazte dirudite. Bikote gaztea, beraz, eta ume txiki baten negarrak ere aditzen dira hemendik, ni nagoen txapitula honetatik. Sesioa dago ondoko atariko bigarren solairuan-edo, nire kalkuluen arabera, eta uste dut badakidala nor diren.

Abuztuko lehen opor-egunak dira eta dagoeneko horrelakoekin dabilen bikoteak ez dakit hurrengo oporrik izango duen. Udaldia, edo udaldiko oporraldia omen da bikote gehien banatzen diren sasoia; hala diote inkestek, bederen. Izan ere, oporretan pairatu behar da gehienbat gainerako egunetan, lanegunetan, hainbesterako ez dirudien bikotekide jasanezin hori. Bada, biren arteko arazoa baino ez balitz, tira! Baina kasu honetan hirukotea da, umetxoa ere hor baitago.

Gizonari Luki deritzote, antza. Andreak ez dakit zein izen duen, ezta umeak ere. Badakit, ordea, azken bi hauek beti bakarrik ikusten ditudala, sekula ez gizon-aitaren konpainian. Paseoan edo beheko patioan jolasean, beti ama eta umea, biak bakarrik. Gizona inoiz edo behin baino ez da kalean ikusten, baina inoiz ez bere familiarekin. Lanean-edo ibiliko zela pentsatu izan dut beti, baina, egunotan ez, egunotan badakit oporrak dituela. Horregatik ikusi dut lehen, goiz erdian, bizikletan behera zihoala, bakarrik.

Espero dezagun, behintzat, umea onik irten dadila honetatik guztitik, eta, egunen batean, nagusi denean, ez ditzala umetan ikasitako estereotipoak errepika. Sokak badu etenik, edo izan beharko luke, nik uste.