2009-08-28

AMAIERA DATORRENEAN

Lo dago aita. Bere betiko lekuan, sofa txikian, lo. Normala ei da, laurogeitazak urte edukita, hainbesteko logura izatea. Eta, lo dagoela, askotan bezala, begira egon natzaio, ezer esan gabe. Zer pentsatua ematen dit horrelakoetan, oraino zer izan den eta orain zer den ikusarazten baitit. Heriotzaz pentsarazten dit beraren irudiak, beraren bizimoduak.

Behin erretiroa hartzera behartuta, ezer gutxi gehiago geratzen zaio mundu honetan egiteko XX. mendeko hasieran jaiotako agure bati. Zahartzaroa, belaunaldi horretakoentzat, badirudi itxarote hutsa dela, zain egote bat, heriotzaren peskizan. Izan ere, ez daude prestatuta bizitza bizitzeko, ez behintzat ohiko lanaz eta egitekoez haratago.

Oraintsu esnatu da aita, telebistaren zaratak-edo iratzarrita. Film bat ari dira ematen eta eszena bortitz baten zalapartak ekarri du mundura bueltan. Telebistan zer edo zer ikusteko ote dagoen galdetu dit, zerbait ipin diezaiodala agindu dit. “EspaƱa Directo” jarri diot, eta bai, horixe ikusi nahi duela azaldu du.

Telebista da, gaur egun, gure agure-atsoen entretenimendurik behinena. Jada ez dira gai izaten eguneroko elkarrizketetan murgiltzeko eta, ezintasunak horretara bultzatuta, telebistak eskaintzen dien pasibotasuna nahiago dute. Gainera, alarguna izanik, seme-alabok baino ez gatzaizkie geratzen horietako askori, eta askok eta askok ondorengorik ere ez dute.

Tristea begitantzen zait zahartzaroa niri. Jaiotzeak heriotza zor, esaerak dioenez, baina zahartzaro luze eta goibel batek garamatzan heriotzak, askotan, agonia hutsa dirudi. Beldurra ematen dit zahartzaroak, zertarako ezkutatu. Beraz, itxaropena da dudan aukera bakarra. Espero dut niri egokituko zaidan amaiera bestelakoa izatea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina