2016-03-14

GURE IRRATI PUBLIKOAZ

Betitik izan naiz irratizalea; telebistak aspertu egiten nau, erabat. Irratiak eta prentsa idatziak, ordea, erakarri egiten naute, uhinez edota tintaz helarazten zaizkidan berben artean murgiltzera gonbidatuta edo, beraien magian uger egin dezadan, inoren irudiez despistatu barik. Horrexek bultzatuko ninduen, ziurrenik, gaztetan kazetaritza ikastera, nahiz eta egun ez nabilen kazetari lanetan.

Horrela, egunero-egunero bataren entzule zein bestearen irakurle bilakatu ohi naiz. Goizetan, prentsa idatzia arakatzen ahalegintzen naiz, bestelako informazioa, bestek emango ez didan informazio hori, topatu nahian. Eta gauez, semeek bake pixka bat ematen didaten ordu handi-txikietan, irratia bihurtzen dut lagun, neure pentsamenduen bidaide.

Aspaldion, baina, abandonatu egin nau irrati maiteak. Futbola gailentzen omen zaio programazio orori, eta, gustatu edo ez, eraldatu egiten digu irratia bera; telebistaz jabetzea nahikoa ez, eta irratia ere ostu nahi digute, antza. Izan ere, astegun buruzuriren batean Athleticek, Realak edota Eibarrek jokatuz gero, akabo, futbola entzun behar, derrigorrean, euskarazko nahiz erdarazko irrati publiko bietan, gainera. Lotsagarria da, besterik ez esatearren.

Gero, kexatuko dira gizartea lo dagoela, ez dela mugitzen, ez duela bere baitan baino pentsatzen, eta abar. Bada, esna nahi bagaituzte, ez diezagutela informazioa, solasaldia eta analisia kendu, ez gaitzatela tontotu nahi, hogeita bi tonto pilota tonto baten atzean korrika entzunaraziz.