2016-02-01

ZELAN SENTIDU ZAREN, LIPAR BATEZ

Txundituta utzi nau, gaur goizean, bost urteko semeak. Gosaria prestatzen ari nintzaiola, bera zain, zera bota dit, bat-batean: “Aita, aitite hil zanean, zu zelan senditu zaren?” Oraindik ez daki ondo iragana esaten, eta zaren edo doten esaten ditu, zinan edo neban (nuen) adizkien truke. Hizkuntzaz oraindik gabeziak dituen arren, heriotzaren inguruan izan duen kezka horrek harritu nau, edonola ere.

Segundo batzuetan zer erantzun ez nekiela, gero, triste eta txarto sentitu nintzela erantzun diot. Eta berak, jarraian, “zu hiltzen zarenean, neu be triste eta txarto sentiduko naz” bota du. “Nik ez dot nahi zu hiltzea” segitu du, eta isildu egin da, gero. Eskolan heriotzaren inguruan zer edo zer landu dutela pentsatu dut nik, baina ezetz esan dit berak, hori berak bakarrik pentsatu duela gaineratuta; horrela, besterik gabe.

Lipar batez, abiadura itzelean, eszenatoki ezberdinak pasatu zaizkit burutik, semeak txiki-txikia zelarik nire aita zena ezagutu zuen hartatik eta balizko nire bat-bateko heriotza baterainokoak, semea aita barik utziaz. Eta zera pentsatu dut, neuk ere, berak bezala, ez dudala hil nahi, ez oraindik behintzat. Seme biak koskortu eta, neurri batean, gizonduta ere ikusi nahi nituzke hil aurretik, baina batek daki non, zein txokotan dudan zain Herio.

Lipar hori igaro egin da, eta eguneroko kontuez jarraitu dugu hizketan, hirurok, eskolan egitekoak dituztenez beraiek, eta gero, arratsaldean, eskolara bila joango natzaiela esanda nik. Ditugun egiteko horiek elikatzen gaituzte, azken batean, egunerokoan; egitekoak bizi gaitu, nolabait esatearren.

Eta liparrez lipar, aurrera doa denbora, aurrera bizitza, badoakiguna. Eta, aita hil zitzaidaneko une hartan barik, konturatu naiz zelan sentitu naizen istant horretan, semeak heriotzaren aukera aipatu didanekoan; triste sentitu naiz, txarto.