2018-04-21

EUSKARALDI OPAROA

Egunotan, han-hemenka ari dira egiten tokian tokiko euskaraldiaren aurkezpenak. Dakigunez, aurtengo euskara-egunaren aurreko hamar egunetan, bai eta euskara-egunean berean ere, hainbat ekintza burutuko dira euskararen alde, eta, horietatik eraginkorrenak-edo, hamaika egun horietan zehar, hots, 264 orduz edota 15.840 minutuz, nahiago bada, bizi eta prest ariko diren milaka aho-belarriak izango dira.


Jakina, aho-belarri horiek boluntarioak izango dira, militanteak, eta musu-truk jardungo dute mingaina astintzen nahiz adi-adi aditzen. Baina gainerako ekintza puntualetan, gehientsuenetan, segur aski, euskal kulturaren sortzaile asko eta asko ibiliko dira lanean; kantuan, dantzan, bertsotan… Eta, noski, lana denez, beren diru-sarrerak izango dituzte ordainetan, oro har, denon sakela komunetik ordainduko zaizkien sosak, hain zuen.

Agerian denez, aurton, euskaraldi oparoa izango dugu azaren aroaren bueltan; batzuek, hori bai, askoz ere oparoagoa bestetzuek baino, baina, tira, horrela izan da beti, ezta? Hala ere, oparotasun horrezaz harago, euskarak ez dirudi hainbeste irabaziko duenik, ez denboran, behintzat. Oraino, euskara-eguna ospatzen denetik, 364 egun izan ditu urtero-urtero irabazteke (365 bisurteetan), eta, aurten, oraindik ere 354 faltako zaizkio urte biribila osatzeko (horrela jarraituz gero, 2020an eta hortik aurrera lau urterik behin, 355).


Gainera, ahobizi eta belarriprest arituko direnek, kontatu didatenez, bereizgarria eramango dute paparrean, itsaskin bat edo, elkar ondo identifikatu eta hanka sartzerik ez egiteko. Eta itsaskinok ere merke-merke irtengo zaizkio euskaraldiari, norbaitek debalde ekoitziko baititu, diot nik. Zehapen horrek gogora ekarri dit gaztetako garai hura, laurogeiko hamarraldia, denok paparrean EHEren txapa eta eguzki antinuklearra, besteak beste, luzitzen genituenekoa. Lehengo lepotik burua, beraz.

Euskaralditik at, baina, milaka euskaldun biziko gara gure egunerokoan, gaur bezala egun horietan ere, euskaraz, itsaskinik gabe paparrean, eta aparteko irabazpen ekonomikorik jaso gabe. Bolo-bolo ibiliko dugu euskara ahoan, eta fin-fin entzungo ondokoari, horregatik aparteko meritu eta goraipamenik eskuratuko ez badugu ere, eta urte biribila osatuko dugu euskaraz, iaz bezala, eta, dena ondo bidean, datozenak bezalaxe ere. Eguneroko bizimodu euskalduna egiten dutenak, duzuenok, dugunok eraikitzen ari gara Euskal Herria; unerik une, uneoro, etenik gabe.

Maiz, pentsatu ohi dut euskaldunok oso folklorikoak garela, gustatu egiten zaigula gure identitatea mozorrotu eta errealitate paralelo bat sortzea bizi dugun errealitatearen parean, egiatan, berau aldatu eta era koherente batean bizi beharko genukeenean; euskaratik eta euskaraz, 365 egunez urtean (366 bisurtetan).