2018-03-17

ALDARRIKAPENA, GAINBEHERA?

Irudipena dut, egungo gizartean, krisi sakon eta luze batetik atera ezinik gabiltzala, eta ez naiz ari krisi ekonomikoaz soilik. Balio material eta materialistetatik harago doan kontua da, dudarik gabe. Gizartearen balioez ari naiz, gizakiarenez.

Aldarrikapen sozial edo soziopolitikoak, baita kulturalak ere, gainbehera bide datoz aspaldion. Irudipena dut inor gutxi mugitzen dela besteren kontuen alde, inor gutxi dagoela prest bere denbora apur bat, eta are gutxiago dirua bada, inoren edota ezeren alde emateko. Niri bost! bihurtu da norbanakoaren bizi-filosofia; jendarterik ez, norbera nagusi.

Lehengoan, independentziaren aldeko kontzentrazio txiki bat ikusi nuen, herri txiki batean, asmo handi bat helburu: Euskal Herriaren independentzia. Bertan kontzentratuak zirenak ez ziren 30etik gora izango, milaka gutxi batzuetako biztanle kopurua duen herrixkan. Ziur nago herri horretan, independentziaren alde edo kontra bozkatzeko aukera emango balitz, askoz gehiago liratekeela aldekoak kontzentrazioan ikusitakoak baino. Baina horiek guztiak ez ziren bertaratu, ez zuten argazkian irten nahi izan, antza. Neu ere ez nintzen kontzentrazioan izan, eta izan, banaiz independentziaren aldeko, baina herrixka horretatik pasatu baino ez nintzen egin, beste norabaiteko bidean, eta ez nintzen bat-batean geldituko parte hartzeko.

Gaur ere ez naiz Bilboko kaleetan izango, eta badakit milaka asko elkartuko direla pentsio duinen aldeko manifestazioan, minutu gutxiren buruan. Bilbon nago, etxean, eta ezer gutxi kostatuko litzaidake zertxobait apaindu eta manifara jaistea, baina nekatuta nago, gogaitu samar, bizitza oso bat aldarrikapenik aldarrikapen ibiltzeak zeharo nekatu bainau dagoeneko. Bihar ere ez naiz Larrabetzura joango IN-DE-PEN-DEN-TZIA aldarrikatzera, oihukatzera, lagun eta ezagun asko bertan izango direla jakin arren.

Krisi sakon eta luze batetik atera ezinik gabiltza, ala neu nabil? Gizartearen balioak galdu dira, ala neuk galdu ditut neureak? Aldarrikapena gainbehera dator, ala ni neu? Ez dakit, bada.

Nekea, nagia, ezina, dena da bat nigan.