2016-04-25

BIZI NAIZ, BIZI NAUTE

Urteen pisua igartzen hasia naiz aspaldion. Denboraren igarotzeak, nolabait, esan egiten dit bizitza badoala, badoakidala, ezari-ezarian. Eta zer da bizitza, azken batean? Denbora hutsa, akaso?

Ez. Bizitza, nire ustez, denboraren eta lekuaren arteko harreman estu-estua dugu, ez besterik. Denbora zehatz batean eta, aldi berean, une zehatz batean ere bizi gara. Orain eta hemen. Eta, hortik kanpo, espazio-denbora erlazio horretatik at, ez dago bizitzarik, ez gara bizi. Gauden lekutik eta unetik aparte ez dago ezer, gure denboratik landa den tokia, bai eta gure tokitik landa den denbora ere, berez, ez dira. Ez dago orainik gabeko hemenik; ez hemenik gabeko orainik.

Hortaz, inoiz sentitzen baldin bagara tokiz kanpo une zehatz batean, bai edota unez kanpo toki zehatz batean ere, orduan, hilik gaude, ez baikara leku horretan bizi, ez baikara une horretan bizi. Badena dena da, eta horixe da bizitza.

Urteen pisua igartzen hasia naiz, aspaldi, egia esanda. Espazioaren eta denboraren pisua. Bi-biek atzaparretan naute, eta bietako batek askatu eta biak nirekin ahaztuko ez ote diren beldur naiz. Orain eta hemen bizi naiz ni; denborak eta lekuak bizi naute. Orain. Hemen.

2016-04-19

NORK DU GEHIEN?

Ak eta Bk gauza asko dituzte komunean, elkarren artean. Izan ere, txiki-txikitatik, antzeko bizipenak izan dituzte; herri berean sortu ziren mundura, bertan hazi eta hezi zituzten, eta kuadrilla bereko kideak ere izan ziren unibertsitate-ikasketak amaitu arte, bi-biek karrera bera ikasita, gainera.

Bizitzaren gorabeherek, ordea, bizimodu ezberdina izatera bultzatu zituzten geroztik, norbere dirua irabazten hasi zinenez geroztik. A bizizaleagoa zen eta, nolabait esatearren, irabazten zuen guztia gastatu egiten zuen; zenbat irabazi, hainbat gastatu, edo, bestela esanda, irabazi ahala gastatuz bizi zela esan liteke. B, osterantzean, zuhurragoa zen eta, etorkizun aurreikusezinak kezkatuta edo, irabazten zuenaren zati handi bat aurreztu edota inbertitu nahiago izaten zuen, geroan zer gerta ere; hala ere, inolako pribaziorik gabe bizi zela esan liteke, eroso.

Egun, berrogeita hamar urte beteak dituzte biek ala biek; mende erdia, biei esatea gustatzen zaien bezalaxe. Eta ospatzeko nahikoa arrazoi, herriko kintoen bazkari batean, berriz ere elkartu dira A eta B, gainerako hainbat adinkiderekin batera. Giro ezin hobean bazkalduta, bazkalostekoan, bakoitzaren bizitzari errepasotxoa ematen hasi dira, ohikoa den bezala, halakoetan. Orduantxe konturatu dira zeinen bizimodu ezberdina duten, egun, garai batean berdintasun batetik abiatutako mutiko haiek. Orduantxe jakin dute, esaterako, krisi puta honek eraginda, Ak lanpostua galdu duela, eta ezin diola, orain, bere betiko bizimodu libre eta libertarioari aurre egin. Bk, baina, nola edo hala, eutsi egin dio krisiari, bere ohiko bizimodu zuhurrean, lanpostua galdu barik, eta inbertsio moduan hondartza aldean erosi zuen apartamendu hura bere familiakoekin disfrutatzen duelarik.

Bazkalosteko elkarrizketan ere jakin dute, orain, ezkerreko alderdi batean militatzen duela Ak, eta, agerian diren bidegabekeriak ikusita, zertxobait egin beharra dagoela aldarrikatzen du, lau haizeetara, gutxien daukatenen alde. Esaterako, gehien dutenei zergak  handitu behar zaizkiela dio, gutxien dutenek egoerari hobeto aurre egin ahal izateko. Eta adibide gisa jarri du etxe hutsa dutenei bikoiztu edo hirukoiztu ere egin beharko litzaiekeela IBI zerga, batez ere etxerik ere ez dutenei laguntzekotan.

Bk, horren arabera, bikoitza edo hirukoitza ordaindu beharko luke hondartzako etxetxoagatik. Bere ahaleginaren ondorio hutsez lortu duenagatik zigortu nahi dutela pentsatzen du. Berak ez du, Ak bezala, mundua ezagutu bidaia luze eta abenturazaleak eginda; ez du, Ak bezala, gaztaroko hainbat esperientzia izan, nahiago izan baitu, bizimodu zuhurragoa eginik, bizitza orekatuago bat lortu. Horregatik, ez du ulertzen Aren exijentzia, eta, areago, ez du uste Ak baino gehiago duenik, ezpada ezberdin kudeatu dituela bere aukerak.

C naiz ni, kintoen bazkari horretan ere izan naizena. Eta galdera bat buruan etorri naiz gaur, etxera bueltan: nork du gehien? Ak ala Bk?