2016-04-25

BIZI NAIZ, BIZI NAUTE

Urteen pisua igartzen hasia naiz aspaldion. Denboraren igarotzeak, nolabait, esan egiten dit bizitza badoala, badoakidala, ezari-ezarian. Eta zer da bizitza, azken batean? Denbora hutsa, akaso?

Ez. Bizitza, nire ustez, denboraren eta lekuaren arteko harreman estu-estua dugu, ez besterik. Denbora zehatz batean eta, aldi berean, une zehatz batean ere bizi gara. Orain eta hemen. Eta, hortik kanpo, espazio-denbora erlazio horretatik at, ez dago bizitzarik, ez gara bizi. Gauden lekutik eta unetik aparte ez dago ezer, gure denboratik landa den tokia, bai eta gure tokitik landa den denbora ere, berez, ez dira. Ez dago orainik gabeko hemenik; ez hemenik gabeko orainik.

Hortaz, inoiz sentitzen baldin bagara tokiz kanpo une zehatz batean, bai edota unez kanpo toki zehatz batean ere, orduan, hilik gaude, ez baikara leku horretan bizi, ez baikara une horretan bizi. Badena dena da, eta horixe da bizitza.

Urteen pisua igartzen hasia naiz, aspaldi, egia esanda. Espazioaren eta denboraren pisua. Bi-biek atzaparretan naute, eta bietako batek askatu eta biak nirekin ahaztuko ez ote diren beldur naiz. Orain eta hemen bizi naiz ni; denborak eta lekuak bizi naute. Orain. Hemen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina