2018-06-16

TALIBANA EI NAZ


Seme nagusia erdaraz egiten harrapatu dut gaur, plazan, bera baino pare bat urte zaharragoa den beste ume euskaldun batekin. Eta nik, goxo eta amultsu, beragana hurbildu eta zera esan diot: “Badakik, seme, euskaldunon artean euskaraz egin ohi diagu”. Ulertu eta atoan hasi da, jarraitu dute, euskaraz egiten. Orain arte ez dut uste halakorik egin duenik, baina, urteetan gora doazela, errazagoa da erdarara jauzi egitea, antza, beste guraso batzuek esan didatenez.

Bada, kontua da, hori esan diodanean, inguruan zebilen beste guraso batek entzun eta zera esan didala, erdaraz ere egin behar dutela gure seme-alabek, gurasoon garaiko bereizkeriatan ez dutela zertan parte hartu eta, nolabait, berdintasunean jaso, onartu eta garatu behar dituztela euren hizkuntzak, euskara eta gaztelania. Nik, birritan pentsatu barik, zera ihardetsi diot berehala, berdintasunez jardutekotan, lehenengoz, berrogei bat urteko jazarpena egin beharko litzaiokeela gaztelaniari, eta, behin euskararekin parra eginda, orduantxe hasi beharko genukeela berdintasunez jokatzen; bitartean, berdinkeria baino ez litzatekeela. Berak irribarre batez onartu du nire iruzkina, eta hortxe amaitu da bion arteko solasa.

Ez dut askorik ezagutzen guraso hori. Egia esanda, beraren izenik ere ez dakit. Zorioneko plaza honetan ere ibiltzen dela besterik ez dakit, bere umeekin, eta, euskaraz dakien arren, erdaraz entzun izan diodala berbetan beste guraso batzuekin, ez behin edo birritan, askotxotan baizik. Ni baino dezente gazteagoa dela ere badakit, adin bertsuko umeak ditugun arren, eta nitaz zer pentsatuko zuen ere badakit, horretaz txintik ere esan ez didan arren; euskararen taliban hutsa naizela pentsatuko zuen, ziur naiz.


2018-05-27

BEREIZ, baina BIDAIDE


Hauteskunde giroa sumatzen da inguruan. Hego Euskal Herrian urtebeteren buruan izango ditugu, bai ala bai, baina gatibu gaituen espainiar estatuan ere ez dirudi luze iraungo duenik indarrean duten gobernuak. Eta, tesitura horren aurrean, zer-nolako jokaera dugu euskaldunok? Zelan jokatu behar lukete euskal alderdiek?

Aldez aurretik esan dezadan, “euskaldunok” edota “euskal alderdiak” esatean, ez naizela bertoko euskal herritar guztiez ari, ez eta Hego Euskal Herrian diharduten alderdi politiko guztiez ere; euskal herritar nahiz alderdi naziozaleez ari naiz, Euskal Herria naziotzat jo eta beronen askapena aldarrikatzen dugunoz, hain zuzen.

Hori argituta, eta gauden egoeran egonda, bada garaia estrategia politiko komunak abian jartzeko, nik uste. Bada garaia batzen gaituenak benetan batu gaitzan eta, horrela, berrindarturik, aurrera egin dezagun geure askapenean. Eta, hauteskunde estrategiei begira ere, nolabaiteko bide komuna lantzeko garaia iritsi dela esango nuke: naziozaleok, bidaide.


Batetik, bertoko hauteskundeak izaten ditugu: Batzar Nagusietako, Eusko Legebiltzarrerako, Foru nahiz Udal hauteskundeak. Berorietan guztietan, bereiz aurkeztu behar dira euskal alderdi naziozaleak, EAJ eta EHBildu, alegia. Noski, nork bere ideologiatik egin nahi eta behar du politika eta, horretarako, unean uneko zein tokian tokiko erabakiak hartu behar. Hala ere, alderdi espainolak eta espainolistak gailentzen diren edo indartsu dabiltzan lekuetan, jokabide estrategikoa eduki beharko lukete ikuspegi nazional batetik, elkarri laguntza emanez, bai gobernua(k) osatzeko garaian, bai erabaki garrantzitsuenetan. Hots, ahuldadearen aurrean, baturik; indarra dagoenean, bereiz. Horrela, betiere, euskal nazioa indarturik aterako litzateke udalerri, eskualde eta lurralde historikoetan, eta, hortaz, Hego Euskal Herrian.

Bestetik, ordea, gure lurraldeetatik haragoko hauteskundeak izaten ditugu; Espainian eta Europan, halabeharrez. Eta, horrelakoetan, bestelako estrategia behar lukete gure alderdiek: bat eginik jokatu beharko lukete EAJk eta EHBilduk. Hau da, Espainiara eta Europara euskaldunon interesak defendatzera joan behar dute, bidaide, ikuspegi nazional batetik jardunda. Gure nazioa kuestionatzen eta ukatzen duten erakunde arrotzetan, gure arteko batasunak baino ezin du bermatu gure interesen benetako defentsa.

Hau da, gure arteko lehian, ondo da ezker-eskuin parametroetan lehiatzea eta ikuspegi ezberdinak agerian uztea, argudiatuz, elkar kritikatuz, elkarri alternatibak jarriz, eta, batez ere, elkarrekiko errespetu osoz. Baina, etsaiaren aurkako lehian, parametro nazionaletatik ekin behar zaio borrokari, bat eginik, elkarren eskutik, elkarri lagunduz, alternatiba komunak eginez, eta, batik bat, euskal nazioa aldarrikatuz eta eraikiz.

Eta baten batek esango du, arrazoi osoz esanda ere, non utzi ote dudan Ipar Euskal Herria proposamen nazionala egitekotan. Bada, iparreko egoera politikoa arrotzagoa zaidanez, nahiago izan dut albo batera utzi, oraingoz behintzat, baina garbi asko dago planteamendu bera egin litekeela han ere, bertako euskal naziozaleak Frantziako erakundeei begira, batetik, eta, bestetik, Europako erakundeei begira, Ipar eta Hego Euskal Herriko indarrak bat eginik.

Edonola ere, estrategia logikoa dirudi ikuspegi nazional batetik aztertuta; burujabetza lortu nahi baldin badugu, noiz edo noiz gauzatu beharko dugun estrategia. Nago, ostera, euskal alderdi naziozaleek oraindik ere euren alderdikeriari begira jokatzen dutela, naziogintza albo batera utzita. Horrexegatik nahi izan dut NAZIOZALE terminoa azpimarratu, “jeltzale” eta "abertzale” adjektiboak aipatu ere egin gabe. Askapen nazionala behar baitugu lehenik eta behin; gero, gerokoak.

2018-05-26

EAJren EGUNOTAKO JOKABIDEA DELA-ETA

J. I. Luzuriagak bidalitako mezua duzue beheko hau. Zuekin partekatu nahi izan dut, interesgarria izango zaizuelakoan: 

Twitterretik ateratako gogoeta:

Gogoratu nahi dut Vicent Partalen adierazpena Vilaweben (2918/05/23: “No els bascs; només uns bascs”): "EAJk badaki Ezker Abertzaleak ez dituela biltzen baldintzak traizio hau politikoki kapitalizatzeko". Bada, bertan dugun sakoneko arazoa ukitu du Vident Partalek, gure egitura politikoaren gabezia: alderdi estandar bakarra edukitzea, alegia. 

Gure egitura politikoan munduan estandar den sistemaren aldeko muturreko jarrera duen alderdi bat dugu: EAJ; eta sistemaren kontrako muturreko jarrera duen beste talde definigaitz bat: antikapitalistak. Erdian basamortua dago.


Aipatu artikuluan agertzen den beste esaldi bat da hau:

I sap, a més, que aquests darrers mesos és constant el degoteig de votants del PSE i del PP que s’aixopluguen en el PNB pensant que és la garantia que el País Basc no seguirà els passos de Catalunya.

(Gainera, EAJk badaki azken hilabete hauetan etengabeko boto-jarioa izan dela PSE eta PP alderdietatik EAJren aldera. Horientzat EAJren jokamoldea da Katalunian gertatzen ari dena hemen ez gertatzeko dagoen berme bakarra).

Artikuluarekiko lotura:
https://www.vilaweb.cat/noticies/no-els-bascos-nomes-uns-bascos-editorial-vicent-partal/

2018-04-21

EUSKARALDI OPAROA

Egunotan, han-hemenka ari dira egiten tokian tokiko euskaraldiaren aurkezpenak. Dakigunez, aurtengo euskara-egunaren aurreko hamar egunetan, bai eta euskara-egunean berean ere, hainbat ekintza burutuko dira euskararen alde, eta, horietatik eraginkorrenak-edo, hamaika egun horietan zehar, hots, 264 orduz edota 15.840 minutuz, nahiago bada, bizi eta prest ariko diren milaka aho-belarriak izango dira.


Jakina, aho-belarri horiek boluntarioak izango dira, militanteak, eta musu-truk jardungo dute mingaina astintzen nahiz adi-adi aditzen. Baina gainerako ekintza puntualetan, gehientsuenetan, segur aski, euskal kulturaren sortzaile asko eta asko ibiliko dira lanean; kantuan, dantzan, bertsotan… Eta, noski, lana denez, beren diru-sarrerak izango dituzte ordainetan, oro har, denon sakela komunetik ordainduko zaizkien sosak, hain zuen.

Agerian denez, aurton, euskaraldi oparoa izango dugu azaren aroaren bueltan; batzuek, hori bai, askoz ere oparoagoa bestetzuek baino, baina, tira, horrela izan da beti, ezta? Hala ere, oparotasun horrezaz harago, euskarak ez dirudi hainbeste irabaziko duenik, ez denboran, behintzat. Oraino, euskara-eguna ospatzen denetik, 364 egun izan ditu urtero-urtero irabazteke (365 bisurteetan), eta, aurten, oraindik ere 354 faltako zaizkio urte biribila osatzeko (horrela jarraituz gero, 2020an eta hortik aurrera lau urterik behin, 355).


Gainera, ahobizi eta belarriprest arituko direnek, kontatu didatenez, bereizgarria eramango dute paparrean, itsaskin bat edo, elkar ondo identifikatu eta hanka sartzerik ez egiteko. Eta itsaskinok ere merke-merke irtengo zaizkio euskaraldiari, norbaitek debalde ekoitziko baititu, diot nik. Zehapen horrek gogora ekarri dit gaztetako garai hura, laurogeiko hamarraldia, denok paparrean EHEren txapa eta eguzki antinuklearra, besteak beste, luzitzen genituenekoa. Lehengo lepotik burua, beraz.

Euskaralditik at, baina, milaka euskaldun biziko gara gure egunerokoan, gaur bezala egun horietan ere, euskaraz, itsaskinik gabe paparrean, eta aparteko irabazpen ekonomikorik jaso gabe. Bolo-bolo ibiliko dugu euskara ahoan, eta fin-fin entzungo ondokoari, horregatik aparteko meritu eta goraipamenik eskuratuko ez badugu ere, eta urte biribila osatuko dugu euskaraz, iaz bezala, eta, dena ondo bidean, datozenak bezalaxe ere. Eguneroko bizimodu euskalduna egiten dutenak, duzuenok, dugunok eraikitzen ari gara Euskal Herria; unerik une, uneoro, etenik gabe.

Maiz, pentsatu ohi dut euskaldunok oso folklorikoak garela, gustatu egiten zaigula gure identitatea mozorrotu eta errealitate paralelo bat sortzea bizi dugun errealitatearen parean, egiatan, berau aldatu eta era koherente batean bizi beharko genukeenean; euskaratik eta euskaraz, 365 egunez urtean (366 bisurtetan).



2018-03-17

ALDARRIKAPENA, GAINBEHERA?

Irudipena dut, egungo gizartean, krisi sakon eta luze batetik atera ezinik gabiltzala, eta ez naiz ari krisi ekonomikoaz soilik. Balio material eta materialistetatik harago doan kontua da, dudarik gabe. Gizartearen balioez ari naiz, gizakiarenez.

Aldarrikapen sozial edo soziopolitikoak, baita kulturalak ere, gainbehera bide datoz aspaldion. Irudipena dut inor gutxi mugitzen dela besteren kontuen alde, inor gutxi dagoela prest bere denbora apur bat, eta are gutxiago dirua bada, inoren edota ezeren alde emateko. Niri bost! bihurtu da norbanakoaren bizi-filosofia; jendarterik ez, norbera nagusi.

Lehengoan, independentziaren aldeko kontzentrazio txiki bat ikusi nuen, herri txiki batean, asmo handi bat helburu: Euskal Herriaren independentzia. Bertan kontzentratuak zirenak ez ziren 30etik gora izango, milaka gutxi batzuetako biztanle kopurua duen herrixkan. Ziur nago herri horretan, independentziaren alde edo kontra bozkatzeko aukera emango balitz, askoz gehiago liratekeela aldekoak kontzentrazioan ikusitakoak baino. Baina horiek guztiak ez ziren bertaratu, ez zuten argazkian irten nahi izan, antza. Neu ere ez nintzen kontzentrazioan izan, eta izan, banaiz independentziaren aldeko, baina herrixka horretatik pasatu baino ez nintzen egin, beste norabaiteko bidean, eta ez nintzen bat-batean geldituko parte hartzeko.

Gaur ere ez naiz Bilboko kaleetan izango, eta badakit milaka asko elkartuko direla pentsio duinen aldeko manifestazioan, minutu gutxiren buruan. Bilbon nago, etxean, eta ezer gutxi kostatuko litzaidake zertxobait apaindu eta manifara jaistea, baina nekatuta nago, gogaitu samar, bizitza oso bat aldarrikapenik aldarrikapen ibiltzeak zeharo nekatu bainau dagoeneko. Bihar ere ez naiz Larrabetzura joango IN-DE-PEN-DEN-TZIA aldarrikatzera, oihukatzera, lagun eta ezagun asko bertan izango direla jakin arren.

Krisi sakon eta luze batetik atera ezinik gabiltza, ala neu nabil? Gizartearen balioak galdu dira, ala neuk galdu ditut neureak? Aldarrikapena gainbehera dator, ala ni neu? Ez dakit, bada.

Nekea, nagia, ezina, dena da bat nigan.