2023-12-31

EUSKAL NAZIOARI, BAI?

Garai ilunak dira euskal nazioarentzat. Eta NAZIO diodanean, hizkuntza honetan bizi eta, nazioa izateaz gain, ordenamendu juridiko politikorik behinena eskuratu nahi dugun herritarron euskal nazioaz ari naiz; euskaldun euskaltzale eta nazizaleok osatzen dugun nazioaz, alegia.

Beste urte bat amaitzen eta hasten den honetan, atzera nahiz aurrera begiratzeko joera izaten dugu denok, nondik gatozen eta nora goazen asmatu nahian, zer egin dugun orain arte, eta zer egingo dugun aurrerantzean ere. Eta, nazioa garen heinean, ezer gutxi egin dugula eta dena egiteko dugula esango nuke nik. Apurka-apurka, urterik urte, gure identitatea, gure izaera, gure kultura eta hizkuntza (euskara) urtuz doa menderatuta gauzkaten estatuen mesedetan; gero eta espainolagoak eta frantsesagoak gara Hego eta Ipar Euskal Herrietan, hurrenez hurren.

Horregatik guztiagatik bada batasunerako garaia, bada sasoia naziozale-euskaltzaleok, neurri batean behintzat, ekimen eta ekintzetan batu gaitezen, nazio gisa iraungo badugu. Eta, batasun horretarako, ezinbestekoa zaigu lidertza politikoa: gehienbat EAJ eta EHBilduz ari naiz, bai, edo EHBildu eta EAJz, nahigo baduzue, berdin baitio ordenak, batasunaren emaitzak du-eta garrantzia.

Hasi berria dugun 2024. urte hau berriz ere hauteskunde urtea izango da, gutxienez, bi esparrutan: EAEko Legebiltzarrean eta Europako parlamentuan. Eta bietan ere argi eta garbi eduki behar dugu ez dugula elkarren aurka ibili behar, batzuak zein besteak ezinbestekoak baikara euskal nazioari eusteko. Atzean utzi berri dugun 2023.enean ez bezala, geure esparru geografikotik kanporako hauteskundeetan nolabaiteko batasun estrategikoa landu beharra dugu, helburu komuna baitugu hemendik kanpo: euskal nazioaren aitortza eta legitimazioa. Horretarako, baina, eskuin-ezker parametroetatik harago, baitzen gaituzten egitate politikoetan bat egin behar, indarrak batuz, eta bereizten gaituzten puntuetan, ordea, ez elkar jo, ez elkarren aurka jardun, horixe bilatzen baitute euskal nazioaren aurkariek eta etsaiek (“divide y vencerĂ¡s” oso barneratuta dute eta).

Izan ere, euskaldun naziozaleok hamarraldi luzeak daramatzagu elkarrengandik bereiz, erdal(dun) menderatzaileen gozamenerako, eta horrexek dakar, gutxika-gutxika, gure nazioaren akabera, gure identitatearen galmena, euskal kulturaren eta euskararen galera. Eta, endekapen horri galga egitekotan, nahitaezkoa dugu nolabaiteko batasuna.

Ausartuko nintzateke esatera Europako hauteskundeetan, Espainiako nahiz Frantziakoetan bezala, euskal alderdien (EAJ, EHBildu, GeroaBai, EHBai) batasun estrategiko hori dagoeneko hil ala biziko kontua dela, eta, nolabait, zerrenda bateratuak aurkeztu beharko liratekeela halako erakundeetan, horrelaxe bakarrik islatuko bailitzateke euskal naziozaleon indarra eta nahia. Beste kontu bat da hauteskunde lokaletan zelan jokatu, berorietan bestelako zerak ere baitaude, euskal identitateaz gain.

Gure arteko batasuna eratzen lehenbailehen hasi ezik, jai dugu Euskal Herri gisa.

Urte naziozale on!