2017-07-04

EUSKAL HERRITARRAK EUSKALDUNA BEHAR LUKE

Euskal herritarrak euskalduna behar luke, berez. Hitzen etimologiari erreparatuta, hala behar luke, bai, baina euskaldunok badakigu ez dela horrela; ez beti, behintzat.

Euskal herritarrak, ordea, ez dakit ote dakien horrela behar lukeela, behar duela, horrela dela, alegia. Baina bada. Nik horretan ez dut ezelako zalantzarik.

Nire ikasle erdaldun batzuek, euskara ikasten ari diren batzuek, esaterako, ez dakite euskal herritarra eta euskalduna bereizten. Inoiz edo behin, nik guraso euskaldunak dituzten galdetuta, berehala baietz erantzun didate, euskaldunak direla. Nolabait, azkar batean argitu nahi izan didate ez dutela guraso kanpotarrik, bertokoak baizik.

Gerora, euskaraz badakiten galdetuta, ostera, ezetz erantzuten dute; ez gurasoek, ez aitona-amonek. Eta beraiek, gainera, bertokoak direla, berton jaioak. Eta orain hasi direla euskara ikasten, orain, helduaroan, konturatu baitira lanpostu askotarako eskatzen dutela jakintza-maila bat edo beste euskaraz.

Nik, orduan, neure baitarako pentsatzen dut non egon ote diren bizitza osoan, Euskal Herrian edo non. Berton sortu eta bizi izan badira beti, zer atxikimendu falta izan ote dute euskararen beharrik ez sentitzeko?

Izan ere, ni neu eurak baino askozaz ere zaharragoa izanik, aspaldi konturatu nintzen euskaraz ikasi behar, ikasi nahi nuela, edo, bestela, Euskal Herritik kanpora alde egin beharko nuela, berton jaio eta arbaso guztiak bertokoak izan arren.

Orain, euskara ikasita, egunero-egunero ahalegintzen naiz euskaraz bizitzen. Orain, euskal herritar euskalduna naiz, behar nukeen eta behar dudan bezalaxe, hain justu.