2009-07-25

JOXEMARI

Joxemari ikusi dut gaur, Bilbo zaharrean. Ni enkargu batzuk egitera bilboratu eta, beroriek amaituta, alde zaharrera abiatu naiz, aspaldiko garaien minak bultzatuta edo. Xukela tabernaren parean zegoen, kanpoaldean eserita, txikito bat eta egunkaria lagun. Ikusi orduko, agurtzea pentsatu dut. “Eeepa, Joxemari. Zer moduz habil?” Begirada galdu batez arakatu nau, goitik behera, ezer esan gabe. “Zer, gogoratzen al haiz nitaz”. Baietz esan dit, “bai” bakar eta lehor bat esanda. Badira hogei urtetik gora nire irakaslea izan zela, inor gutxik euskara-eskolak doan eta militantzia hutsez eman zituen garaiko irakaslea. Nik kostata ezagutu dut, zahar eta zarpail samar ikusi baitut, erabat aldatuta garai hartatik hona. Berak, halere, berehala jakin bide du nor naizen ni. Ez nintzen, bada, hainbeste aldatuko azken hogei urteotan. “Zer moduz?” bota diot atzera. Nire gainetik soa erretiratu eta, goibeltasuna aurpegi hitsean, “deprimiturik” erantzun dit.

Ez dut jakin zer esan. Bizitza halakoa dela eta noizean behin kolpatu egiten gaituela, baina halere aurrera egin behar dela edo horrelako zeozer esan diot. Berak, txintik atera gabe, gora eta behera mugitu du burua, nolabait ulertzen duela esan nahian edo. Nik alde egin dut, “agur, ondo segi” ziztrin bat esanda. Metro batzuk aurrerago, Kalderapekon sartu naiz eztarria pixka bat freskatzen. Denbora guztian Joxemari izan dut buruan; orain, etxean, ere bai.

2009-07-23

BAKARDADETIK ABIAN, AGIAN

Hasteko, zer esan? Bada, kontua da oporretan nagoela. Udako opor-egunak, alegia. Euskal kostaldeko herrixka bateko paraje paregabeetan ari naiz egunok pasatzen eta, askotan lagun batzuek esan didatena aintzat harturik, blogeatzen hastea pentsatu dut. Izan ere, hainbatek esan izan didate blog bat idatzi beharko nukeela, nirea bezalako pentsamolde korapilatsu eta nahasientzat sekulako ihesbidea dakartela blogek. Diotenez, bloga beti egoten da hor, zain, bertan zer idatziko zain, eta sekula ez dizu, antza, kontra egiten. Zentzu horretan, gainerako gizakiak baino konpainia hobea dirudite blogek, ezta?

Tira, egia esanda, ez dakit ez zergatik ez zertarako hasi naizen kontu honekin. Beharbada, eguneroko ohikeriatik ihes egiteko egin dut. Oporretan egon arren, ez baita ohikeria hori aldendu. Ez, ez da erraza gainetik astintzea. Azken batean, lanaldian harrapatuta gaudenean bezain harrapatuta sentitzen gara, nik uste, oporraldian ere. Lanaren gatibu bizi omen gara eta oporren zain egon ohi gara urtero, zerbait aldatuko delakoan, agian zerbait berri gertatuko, baina, azken batean, oporren atzaparretan jausten gara, urtero. Lanaren gatibu egotetik oporren gatibu izatera, ez al da graziosoa?

Dena den, aurtengo opor hauek zerbait ezberdina, behintzat, bai ekarri didatela: orain, blogaria naiz. Badut neure bloga. Analogiko izatetik digital izatera pasatu naiz, eta, teknologia berrien mundutxo honetan etorkin eta arrotz samar sentitzen baldin banaiz ere, ahalegindu egingo naiz irauten; bakardadetik abiatuta, agian, oporraldi ezberdina izango da aurtengoa. Hala bedi!