2016-12-02

ABENDUAREN 3a, ERDARAREN EGUN FOLKLORIKO HORI

Nazioarteko egunez beterik dugu egutegia. Hainbeste halako ditugu, ezen bat baino gehiago ospatu behar baitira egun bakoitzean, ezein ospakizunek ez baitu beretzat soilik izaterik eguna.

Bada, halako bat da Euskararen Nazioarteko Eguna deritzona, abenduaren 3an ospatzekoa berori, hain zuzen. Egun horretan, den-denak dira euskararen aldeko, zahar zein gazte, ar nahiz eme, euskaradun edo gabe; egun horretan, asmo onak baino ez dira euskararentzat, handik eta hemendik, euskararen onurak nonahi, noranahi, lau haizeetara hedatuaz; egun horretan, ekitaldiz lepo dauzkagu gure herrietako bazterrak, denak ere euskal senaren aldarrikapen, euskal hizkuntza eta kultura azken txokoraino eroan guran; egun horretan, euskal sortzaile guztiek badute lanik, batzuek musu-truk, bestetzuek diru truke; egun horretan, bai, abenduaren 3an, denok edo sentitzen gara edo sentiarazten gaituzte zoriontsuago, herri libreago batean, azken batean, gure esku baitago; egun horretan, bai, Euskararen Nazioarteko Egunean.

Ezagun erdaldun batek, euskaragabea bera, zera iradoki zidan lehengoan, berak ere ospatuko zuela abenduaren 3a, ondo deritzola halako aldarrikapen-egunak antolatzeari, euskarak denon laguntza behar baitu dagoen ataka estutik onik ateratzeko. Beraren ustez, halako egunean, batuago izango gara hogeita lau orduz, sikiera, hain askotarikoak garen euskal herritarrok.

Eta nik ez nion ezer ihardetsi, buruaren keinu ziztrin batez zioen guztia baietsi baizik. Eta neure artean pentsatu nuen nire ezagun horrek, akaso, euskaraz dakientxoa egingo duela egun horretan, parte hartuko duela herriko egun horretako ospakizunetan, eta, beharbada, ezagun horrek bezala, beste hainbatek ere usteko dutela Euskal Herria badabilela, badela, egunetik egunera hazten ari dela; baina egun horretan zehar baino ez, zorigaitzez.

Izan ere, nire ezagun horrentzat, erdara besterik ez da gure euskara, halako egunetan egitekoa, eta, bidenabar, haren folklorismo guztiaz gozatzekoa. Ezagun horrek badu beste egun bat gehiago egutegian, Ibilaldiaz haratago, edozer “euskal” izenlagunaz janztekoa. Nik, ordea, ez dut folklorea gogoko, are gutxiago, izanaren ukazioa dakarren folklorea, eta ez dut abenduaren 3rik ospatuko.
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina