2018-02-26

MAITE DITUT, MAITE…

Ikaragarri gustatzen zaizkit udaberri aurreko egun hauek. Egun eguzkitsu bezain hotzak, biziaz beterikoak. Fruta-arbola batzuk jada loretan daude, txoriak txioka entzun daitezke beraien adarretan, eta mimosen horitasuna histuz doa. Udaberriaren ateetan gaude, ezbairik gabe, bizi berriaren hastapenetan.

Asteburuon, lorategiko arbola eta zuhaiztiak inausten ibili naiz, adaxka zaharrak kimatzen, kimu berriei bidea errazteko. Ez didate bat ere protestarik egin, nik min egingo banien ere; ez diete artaziei beldurrik erakutsi, ezta erresistentziarik agertu, erretxina-malkorik bota gabe.

Eta orduantxe jabetu naiz, urtero-urtero legez, zenbat maite ditudan, maite, neure landareak, urtarorik urtaro, urterik urte, laguntzen nauten bizilagunak; bizitza uneoro berritzen dela erakusten didaten lagunak, derrigorrean buka eta hasi ibili beharra dudala diostatenak.

Maite ditut, maite, neure landareak, eta beraien ongarri izaten bukatu nahi nituzke neure egunak, diosalerako unea ailegatzen zaidanean.

2017-09-09

IDAZTEAREN PLAZERA

Ostera ere, betiko plaza honetan nago. Ohiko jarlekuan jarri, patrikatik segapotoa atera eta idazteari ekin diot. Zer? Zertaz? Nori? Ez dakit. Zertarako, ordea, badakit; edo zergatik, behintzat.

Idazteak erlaxatu egiten nau, asebetetzen ez nauen errealitatetik atera eta gusturago sentiarazten nau. Espazio eta debora koordenadetatik atera gabe, bitxia, baina bestelako errealitate batera narama, garraiatuta bezala; “orri” zurira, xede zehatzik gabe sortzen ari naizen testura, abstrakziora, erlaxaziora...

Zorionez, gainera, telefonoari begira ikusten nautenek ez didate enbarazurik sortzen, ziurrenik, guatxapean-edo ari naizelakoan, eta ez molestatzearren. Zorionez, atzera ere, eramangarri bihurtu da plaza aldeko tartetxo hau, umeak kaleratzearren, sozializatzearren, derrigorrean igaro beharreko tartetxoa. Zorionez, ostera ere, telefonoak salbatu nau, askatu nau, beste egun bateko apatia sozialetik.

Mila esker, berriz ere, telefono maitea.

2017-08-31

BURUJABETZA

Hau guztia kaka putoa da, urtero-urtero errepikatzen den kaka putoa.

Famili konpromisoek horixe dakarte gehienetan: errepikapen hutsa, aldizkako ohikeria, asperraldi programatua; hots, kaka putoa.

Zenbat otortutan egoten gara konpromisoz, kunplitzera joanda, familia delako eta, nolabait, egon beharra dagoelako? Uf! Hainbatetan, eta ez Gabonetan bakarrik, oporraldietan eta zenbait asteburutan ere bai. Eta umeak dauzkagunok are gehiago, azken finean, umeak ez baitira gurasoonak bakarrik. Gureak ez ezik aitaita-amamenak, izeko-osabebak eta besterenak ere izaten dira eta, jakina, kunplitu egin behar.

Eskerrak halako ahaideak behar ditugunean, umeak norbaiten ardurapean uztekotan edo, bada, diodanez, eskerrak hor dauden, laguntzeko prest. Baina, zerbitzu horren ordainetan, noski, honelako esklabutza uneak jasan behar, eta, gainera, esker onez.

Bistan da bizitza honetan, guraso izanez gero behintzat, birritan askatu beharra dagoela, birritan norberaren burujabetzaren alde egin behar; batean, gurasoengandik askatzeko eta, bestean, norbere seme-alabengandik berengandik.

2017-08-12

DENOK GARA TURISTAK, EZTA?

Uda honetako hizpide bakarra dela dirudi turismoak. Interneten, behintzat, nonahi aurki ditzakegu gai honen inguruko iruzkinak; gehientsuenak turismo masiboaren aurkakoak, edo, nahiago bada, turisten masifikazioa gaitzestearen aldekoak. Horren harira sortu berri dugu kontzeptu berria, #turismofobia, egunotan bolo-bolo dabilena.

Jakina, polemika honetan, hona datozen turistez ari gara, Euskal Herrian pairatzen ari garen turismoaz, munduan bestelako turismorik ez balego bezala; edo, areago, turistak besteak baino ez balira bezala. Baina ez da horrela, bada bestelako turismorik, bestelako turistarik, eta, gustatu edo ez, denok gara turistak, turismo masiboaren kontra ari garen guztiok ere bai.

Horregatik, eta norberaren koherentziaren izenean, ezer kritikatzen hasi aurretik, aztertu egin beharko genuke gu geu ezer horren zati garen edo izan garen inoiz. Hau da, hain erraz errefusatzen dugun turismo masibo hori, hein batean bederen, ez al dugu guk geuk bultzatu edo lagundu, turista gisa zein turista-hartzaile gisa? Ni baiezkoan nago, eta horregatik kostatzen zait hainbeste turisten kontra jartzea.

Gehienbat, kostaldean pairatzen ari garen turismoaz ari garela esango nuke nik. Bada, geure zilborrari begiratu ordez, hobe genuke Kantabriako nahiz Landetako kostaldeei begiratua eman eta erreparatu zenbaterainokoa den euskal kolonia leku horietan; ikaragarria da zenbat euskal herritar, euskaldun asko tarteko, topatu daitezkeen bertan.

Izan ere, denok gara turistak eta, beste turista batzuekin batzen garenean, masifikatu egiten dugu opor-lekua, nahi gabe, konturatu gabe, baina egin egiten dugu, eta, beraz, orain hain erraz kritikatzen ari garen fenomeno hori guk geuk ere sortu izan dugu, urterik urte, Espainiako eta Frantziako hainbat tokitan. Orain, geuri dagokigu jasatea.

2017-07-04

EUSKAL HERRITARRAK EUSKALDUNA BEHAR LUKE

Euskal herritarrak euskalduna behar luke, berez. Hitzen etimologiari erreparatuta, hala behar luke, bai, baina euskaldunok badakigu ez dela horrela; ez beti, behintzat.

Euskal herritarrak, ordea, ez dakit ote dakien horrela behar lukeela, behar duela, horrela dela, alegia. Baina bada. Nik horretan ez dut ezelako zalantzarik.

Nire ikasle erdaldun batzuek, euskara ikasten ari diren batzuek, esaterako, ez dakite euskal herritarra eta euskalduna bereizten. Inoiz edo behin, nik guraso euskaldunak dituzten galdetuta, berehala baietz erantzun didate, euskaldunak direla. Nolabait, azkar batean argitu nahi izan didate ez dutela guraso kanpotarrik, bertokoak baizik.

Gerora, euskaraz badakiten galdetuta, ostera, ezetz erantzuten dute; ez gurasoek, ez aitona-amonek. Eta beraiek, gainera, bertokoak direla, berton jaioak. Eta orain hasi direla euskara ikasten, orain, helduaroan, konturatu baitira lanpostu askotarako eskatzen dutela jakintza-maila bat edo beste euskaraz.

Nik, orduan, neure baitarako pentsatzen dut non egon ote diren bizitza osoan, Euskal Herrian edo non. Berton sortu eta bizi izan badira beti, zer atxikimendu falta izan ote dute euskararen beharrik ez sentitzeko?

Izan ere, ni neu eurak baino askozaz ere zaharragoa izanik, aspaldi konturatu nintzen euskaraz ikasi behar, ikasi nahi nuela, edo, bestela, Euskal Herritik kanpora alde egin beharko nuela, berton jaio eta arbaso guztiak bertokoak izan arren.

Orain, euskara ikasita, egunero-egunero ahalegintzen naiz euskaraz bizitzen. Orain, euskal herritar euskalduna naiz, behar nukeen eta behar dudan bezalaxe, hain justu.

2017-06-24

ESKERRIK ASKO, TELEFONO MAITEA

Orduak ematen ditut plaza honetan. Seme txiki bi izateak, nolabait, behartu egiten nau honetara; bazter bateko jarleku batean eseri eta, semeak kintoekin jolasean aritzen diren bitartean, jendea behatzera, hain zuzen.

Aspergarri samarra izan daiteke, izan ere, ordu askotxo izaten baitira, egunak joan egunak etorri. Baina aberasgarria ere suertatzen zait, hein batean, dezente ikasten baitut behaketatik. Azken batean, behaketa izan ohi da ikasteko erarik arruntena, txiki-txikitatik erabili izan dugun era, hain justu.

Bada, behatze ariketa hauetatik guztietatik lezio bat eta bakarra errepikatzen zait: behatzen dudan errealitate honek ez nau batere asetzen. Urruntxo sentitzen naiz begien aurrean dudan paisaiatik eta, horregatik, sakelatik ateratzen zaitut eta idazteari ekin.

Eskerrik asko, telefono maitea, bakardade itogarri honetatik salbatzearren.

2017-03-05

KALEAN USO, ETXEAN OTSO

Sasoi batean, Hego euskal Herrian, ohikoa izaten zen euskaraz norberaren esparru hurbil eta familiarrean baino ez egitea, eta, kalean eta jendaurrean, oro har, gaztelaniaz egitea, badaezpada ere. Normaltzat ere jo zitekeen, kontuan hartuta euskara debekatua eta pertsegitua zela sasoi hartan; frankismo garaiaz ari naiz, noski.

Ez ziren garai errazak euskararentzat, ezbairik gabe. Argi eta garbi zegoen nor zen otsoa eta nor, ordea, usoen moduan jokatzera behartua. Izan ere, esaerak dioen antzera, “azkar eta ondo hegan egitera” behartuak ziren sasoiko euskaldunak, ataka hartatik onik ateratzekotan. Baina etorriko ziren garai hobeak lirikarako, halabeharrez.

Gerora, delako demokrazia hau etorri zitzaigun eta euskara legezko eta, gaztelaniaren aldean, koofizial ere bilakatu zen, Euskal Herriko lurralde batzuetan, behinik behin. Hala, kalean ere euskaraz naturaltasunez eta normaltasunez egingo zela aurreikusten genuen; euskaldunok euskaraz bizitzeko bideari ekingo zitzaiola zirudien diktadorea hil eta giza eskubideak, baita linguistikoak ere, gizarteratzen hasi zirenean; 80ko hamarkadaz ari naiz orain, gehienbat.

Bada, garai horiek ere atzean utzi ditugu eta, egun, teorian behintzat, errealitate bihurtua beharko zuen aurreikuspen hark, alegia, kalean zein beste edonon naturaltasunez eta normaltasunez egiteak berak. Eta, bai, hala da Euskal Herriko hainbat txokotan, non gehienbat euskaraz egiten den bizimodua, dela etxe barnean, dela kalean zehar ere. Baina, zuri guztiak irin ez diren bezalaxe, bada errealitate faltsu eta desitxuraturik eskaintzen digun bazterrik ere.

Izan ere, gero eta gehiago dira, nire ustez, euskararekiko itxurakeria hutsa egiten dutenak. Esan nahi baitut, hainbat eta hainbat euskaldun (edo euskaradun, bederen) euskaraz aritzen direla jo eta su kalean, jendaurrean, garbiki utziaz beraiek euskaldunak direla, euskaraz badakitela, baina gerora, etxeko epelean (edo intimitatean, hark esango lukeen moduan), erdara gorrian, gaztelaniaz bizi dira, norekin eta kalean euskara agertu duten euskaldun berberarekin, maiz, bikotekide dutenarekin. Horrela, euskarari dagokionez, behinik behin, otsoaren jokaera izaten dute etxean, traizionatu egiten baitute esparrurik hurkoenean, nahiz eta uso zuriaren antzera agertu kalean, euskara besarkatuz eta erabiliz ez ezik aldarrikatuz eta laudatuz ere askok eta askok. Hipokrisia, azken batean.

Bikote gazteak izan ohi dira, normalean, ume txikiak izaten dituztenak. Hori dela eta, akaso, behartuago-edo sentitzen dira euskaraz egitera esparru publikoetan; eta etxean ere, beharbada, euskaraz egingo diete seme-alabei, baina euren artean bakarka dabiltzanetan, erdararako joera garbia izaten dutelakoan nago. Hori da, behintzat, nik aspaldi honetan egiaztatu ahal izan dudana, ez euren etxean sartu naizelako, jakina ezetz, baina bai kaleko jarleku batean, tabernaren bateko terraza batean, edo pasieran doazela topatu ditudanean bikote horietako bat baino gehiago. Halakoetan, baten batzuk deseroso ere sentitzeraino iritsi direla begitandu zait, konturatu baitira euskaldun batek “harrapatu” egin dituela erdaraz egiten.

Ez ditut horregatik salatuko, garai batean gure arbasoak euskaraz egiteagatik salatzen eta zigortzen zituzten bezalaxe. Legeak ere ez du horretarako aukerarik ematen, noski, ez baita zilegi inor euskaraz egitera behartzea; legez behartzekotan, gaztelaniaz egitera ez, baina jakitera bai, behartuta gaude Hego Euskal Herriko euskaldun guztiok. Baina, halako jokaera hipokritak ikusita, agian hobe liteke legea bera ere aldatzea, ez uste?