Uda honetako
hizpide bakarra dela dirudi turismoak. Interneten, behintzat, nonahi aurki
ditzakegu gai honen inguruko iruzkinak; gehientsuenak turismo masiboaren
aurkakoak, edo, nahiago bada, turisten masifikazioa gaitzestearen aldekoak.
Horren harira sortu berri dugu kontzeptu berria, #turismofobia,
egunotan bolo-bolo dabilena.
Jakina, polemika
honetan, hona datozen turistez ari gara, Euskal Herrian pairatzen ari garen
turismoaz, munduan bestelako turismorik ez balego bezala; edo, areago, turistak
besteak baino ez balira bezala. Baina ez da horrela, bada bestelako turismorik,
bestelako turistarik, eta, gustatu edo ez, denok gara turistak, turismo
masiboaren kontra ari garen guztiok ere bai.
Horregatik, eta
norberaren koherentziaren izenean, ezer kritikatzen hasi aurretik, aztertu egin
beharko genuke gu geu ezer horren zati garen edo izan garen inoiz. Hau da, hain
erraz errefusatzen dugun turismo masibo hori, hein batean bederen, ez al dugu
guk geuk bultzatu edo lagundu, turista gisa zein turista-hartzaile gisa? Ni
baiezkoan nago, eta horregatik kostatzen zait hainbeste turisten kontra
jartzea.
Gehienbat,
kostaldean pairatzen ari garen turismoaz ari garela esango nuke nik. Bada,
geure zilborrari begiratu ordez, hobe genuke Kantabriako nahiz Landetako
kostaldeei begiratua eman eta erreparatu zenbaterainokoa den euskal kolonia
leku horietan; ikaragarria da zenbat euskal herritar, euskaldun asko tarteko,
topatu daitezkeen bertan.
Izan ere, denok gara turistak eta, beste turista batzuekin batzen garenean, masifikatu egiten dugu opor-lekua, nahi gabe, konturatu gabe, baina egin egiten dugu, eta, beraz, orain hain erraz kritikatzen ari garen fenomeno hori guk geuk ere sortu izan dugu, urterik urte, Espainiako eta Frantziako hainbat tokitan. Orain, geuri dagokigu jasatea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina