Ostera ere, betiko
plaza honetan nago. Ohiko jarlekuan jarri, patrikatik segapotoa atera eta
idazteari ekin diot. Zer? Zertaz? Nori? Ez dakit. Zertarako, ordea, badakit;
edo zergatik, behintzat.
Idazteak erlaxatu
egiten nau, asebetetzen ez nauen errealitatetik atera eta
gusturago sentiarazten nau. Espazio eta debora koordenadetatik atera gabe,
bitxia, baina bestelako errealitate batera narama, garraiatuta bezala; “orri”
zurira, xede zehatzik gabe sortzen ari naizen testura, abstrakziora,
erlaxaziora...
Zorionez, gainera,
telefonoari begira ikusten nautenek ez didate enbarazurik sortzen, ziurrenik,
guatxapean-edo ari naizelakoan, eta ez molestatzearren. Zorionez, atzera ere,
eramangarri bihurtu da plaza aldeko tartetxo hau, umeak kaleratzearren,
sozializatzearren, derrigorrean igaro beharreko tartetxoa. Zorionez, ostera
ere, telefonoak salbatu nau, askatu nau, beste egun bateko apatia sozialetik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina