Sasoi batean, Hego
euskal Herrian, ohikoa izaten zen euskaraz norberaren esparru hurbil eta
familiarrean baino ez egitea, eta, kalean eta jendaurrean, oro har, gaztelaniaz
egitea, badaezpada ere. Normaltzat ere jo zitekeen, kontuan hartuta euskara
debekatua eta pertsegitua zela sasoi hartan; frankismo garaiaz ari naiz, noski.
Ez ziren garai
errazak euskararentzat, ezbairik gabe. Argi eta garbi zegoen nor zen otsoa eta
nor, ordea, usoen moduan jokatzera behartua. Izan ere, esaerak dioen antzera, “azkar
eta ondo hegan egitera” behartuak ziren sasoiko euskaldunak, ataka hartatik
onik ateratzekotan. Baina etorriko ziren garai hobeak lirikarako, halabeharrez.
Gerora, delako
demokrazia hau etorri zitzaigun eta euskara legezko eta, gaztelaniaren aldean, koofizial ere bilakatu zen, Euskal
Herriko lurralde batzuetan, behinik behin. Hala, kalean ere euskaraz
naturaltasunez eta normaltasunez egingo zela aurreikusten genuen; euskaldunok
euskaraz bizitzeko bideari ekingo zitzaiola zirudien diktadorea hil eta giza
eskubideak, baita linguistikoak ere, gizarteratzen hasi zirenean; 80ko
hamarkadaz ari naiz orain, gehienbat.
Bada, garai horiek
ere atzean utzi ditugu eta, egun, teorian behintzat, errealitate bihurtua
beharko zuen aurreikuspen hark, alegia, kalean zein beste edonon naturaltasunez
eta normaltasunez egiteak berak. Eta, bai, hala da Euskal Herriko hainbat
txokotan, non gehienbat euskaraz egiten den bizimodua, dela etxe barnean, dela
kalean zehar ere. Baina, zuri guztiak irin ez diren bezalaxe, bada errealitate
faltsu eta desitxuraturik eskaintzen digun bazterrik ere.
Izan ere, gero eta
gehiago dira, nire ustez, euskararekiko itxurakeria hutsa egiten dutenak. Esan
nahi baitut, hainbat eta hainbat euskaldun (edo
euskaradun, bederen) euskaraz aritzen direla jo eta su kalean, jendaurrean,
garbiki utziaz beraiek euskaldunak direla, euskaraz badakitela, baina gerora,
etxeko epelean (edo intimitatean, hark
esango lukeen moduan), erdara gorrian, gaztelaniaz bizi dira, norekin eta kalean
euskara agertu duten euskaldun berberarekin, maiz, bikotekide dutenarekin.
Horrela, euskarari dagokionez, behinik behin, otsoaren jokaera izaten dute
etxean, traizionatu egiten baitute esparrurik hurkoenean, nahiz eta uso zuriaren
antzera agertu kalean, euskara besarkatuz eta erabiliz ez ezik aldarrikatuz eta
laudatuz ere askok eta askok. Hipokrisia, azken batean.
Bikote gazteak izan
ohi dira, normalean, ume txikiak izaten dituztenak. Hori dela eta, akaso,
behartuago-edo sentitzen dira euskaraz egitera esparru publikoetan; eta etxean
ere, beharbada, euskaraz egingo diete seme-alabei, baina euren artean bakarka
dabiltzanetan, erdararako joera garbia izaten dutelakoan nago. Hori da,
behintzat, nik aspaldi honetan egiaztatu ahal izan dudana, ez euren etxean
sartu naizelako, jakina ezetz, baina bai kaleko jarleku batean, tabernaren
bateko terraza batean, edo pasieran doazela topatu ditudanean bikote horietako
bat baino gehiago. Halakoetan, baten batzuk deseroso ere sentitzeraino iritsi
direla begitandu zait, konturatu baitira euskaldun batek “harrapatu” egin
dituela erdaraz egiten.
Ez ditut horregatik salatuko, garai batean gure arbasoak euskaraz
egiteagatik salatzen eta zigortzen zituzten bezalaxe. Legeak ere ez du horretarako
aukerarik ematen, noski, ez baita zilegi inor euskaraz egitera behartzea; legez
behartzekotan, gaztelaniaz egitera ez, baina jakitera bai, behartuta gaude Hego
Euskal Herriko euskaldun guztiok. Baina, halako jokaera hipokritak ikusita,
agian hobe liteke legea bera ere aldatzea, ez uste?