2017-06-24

ESKERRIK ASKO, TELEFONO MAITEA

Orduak ematen ditut plaza honetan. Seme txiki bi izateak, nolabait, behartu egiten nau honetara; bazter bateko jarleku batean eseri eta, semeak kintoekin jolasean aritzen diren bitartean, jendea behatzera, hain zuzen.

Aspergarri samarra izan daiteke, izan ere, ordu askotxo izaten baitira, egunak joan egunak etorri. Baina aberasgarria ere suertatzen zait, hein batean, dezente ikasten baitut behaketatik. Azken batean, behaketa izan ohi da ikasteko erarik arruntena, txiki-txikitatik erabili izan dugun era, hain justu.

Bada, behatze ariketa hauetatik guztietatik lezio bat eta bakarra errepikatzen zait: behatzen dudan errealitate honek ez nau batere asetzen. Urruntxo sentitzen naiz begien aurrean dudan paisaiatik eta, horregatik, sakelatik ateratzen zaitut eta idazteari ekin.

Eskerrik asko, telefono maitea, bakardade itogarri honetatik salbatzearren.

2017-03-05

KALEAN USO, ETXEAN OTSO

Sasoi batean, Hego euskal Herrian, ohikoa izaten zen euskaraz norberaren esparru hurbil eta familiarrean baino ez egitea, eta, kalean eta jendaurrean, oro har, gaztelaniaz egitea, badaezpada ere. Normaltzat ere jo zitekeen, kontuan hartuta euskara debekatua eta pertsegitua zela sasoi hartan; frankismo garaiaz ari naiz, noski.

Ez ziren garai errazak euskararentzat, ezbairik gabe. Argi eta garbi zegoen nor zen otsoa eta nor, ordea, usoen moduan jokatzera behartua. Izan ere, esaerak dioen antzera, “azkar eta ondo hegan egitera” behartuak ziren sasoiko euskaldunak, ataka hartatik onik ateratzekotan. Baina etorriko ziren garai hobeak lirikarako, halabeharrez.

Gerora, delako demokrazia hau etorri zitzaigun eta euskara legezko eta, gaztelaniaren aldean, koofizial ere bilakatu zen, Euskal Herriko lurralde batzuetan, behinik behin. Hala, kalean ere euskaraz naturaltasunez eta normaltasunez egingo zela aurreikusten genuen; euskaldunok euskaraz bizitzeko bideari ekingo zitzaiola zirudien diktadorea hil eta giza eskubideak, baita linguistikoak ere, gizarteratzen hasi zirenean; 80ko hamarkadaz ari naiz orain, gehienbat.

Bada, garai horiek ere atzean utzi ditugu eta, egun, teorian behintzat, errealitate bihurtua beharko zuen aurreikuspen hark, alegia, kalean zein beste edonon naturaltasunez eta normaltasunez egiteak berak. Eta, bai, hala da Euskal Herriko hainbat txokotan, non gehienbat euskaraz egiten den bizimodua, dela etxe barnean, dela kalean zehar ere. Baina, zuri guztiak irin ez diren bezalaxe, bada errealitate faltsu eta desitxuraturik eskaintzen digun bazterrik ere.

Izan ere, gero eta gehiago dira, nire ustez, euskararekiko itxurakeria hutsa egiten dutenak. Esan nahi baitut, hainbat eta hainbat euskaldun (edo euskaradun, bederen) euskaraz aritzen direla jo eta su kalean, jendaurrean, garbiki utziaz beraiek euskaldunak direla, euskaraz badakitela, baina gerora, etxeko epelean (edo intimitatean, hark esango lukeen moduan), erdara gorrian, gaztelaniaz bizi dira, norekin eta kalean euskara agertu duten euskaldun berberarekin, maiz, bikotekide dutenarekin. Horrela, euskarari dagokionez, behinik behin, otsoaren jokaera izaten dute etxean, traizionatu egiten baitute esparrurik hurkoenean, nahiz eta uso zuriaren antzera agertu kalean, euskara besarkatuz eta erabiliz ez ezik aldarrikatuz eta laudatuz ere askok eta askok. Hipokrisia, azken batean.

Bikote gazteak izan ohi dira, normalean, ume txikiak izaten dituztenak. Hori dela eta, akaso, behartuago-edo sentitzen dira euskaraz egitera esparru publikoetan; eta etxean ere, beharbada, euskaraz egingo diete seme-alabei, baina euren artean bakarka dabiltzanetan, erdararako joera garbia izaten dutelakoan nago. Hori da, behintzat, nik aspaldi honetan egiaztatu ahal izan dudana, ez euren etxean sartu naizelako, jakina ezetz, baina bai kaleko jarleku batean, tabernaren bateko terraza batean, edo pasieran doazela topatu ditudanean bikote horietako bat baino gehiago. Halakoetan, baten batzuk deseroso ere sentitzeraino iritsi direla begitandu zait, konturatu baitira euskaldun batek “harrapatu” egin dituela erdaraz egiten.

Ez ditut horregatik salatuko, garai batean gure arbasoak euskaraz egiteagatik salatzen eta zigortzen zituzten bezalaxe. Legeak ere ez du horretarako aukerarik ematen, noski, ez baita zilegi inor euskaraz egitera behartzea; legez behartzekotan, gaztelaniaz egitera ez, baina jakitera bai, behartuta gaude Hego Euskal Herriko euskaldun guztiok. Baina, halako jokaera hipokritak ikusita, agian hobe liteke legea bera ere aldatzea, ez uste?

2017-01-13

NORK ETA NOIZ ERABAKI?

Hasi berri dugun 2017 urte honetan, Euskal Herriko ehunetik gora herritan bozkatu ahalko dugu euskal estatu burujabea nahi ote dugun. Ez da erronka makala, gero, Gure Esku Dagok helburu duena; nonbaitetik hasi behar, inoiz Euskal Herri osoak erabakiko badu.

Txalogarria deritzot GEDen ekimenari, batik bat, herri ekimena delako eta, berriro ere, agerian uzten duelako gizartea politikarien aurretik ibili ohi dela. Herriak zer nahi duen aldarrikatu egin behar, inoizkotan agintariek “eman” diezaioten. Gora herria, beraz!

Alabaina, badira bi kontu oso ondo ulertu ez ditudanak GEDek egingo dituen galdeketa hauetan; bata, bozkatzeko azpitiko adin-muga, eta, bestea, askotariko data.

Lehenengoari dagokionez, susmagarria dirudi bozkatzeko adina hamasei urteraino jaitsi izanak. Teorian, behintzat, zenbat eta gazteago izan, hainbat eta gogo handiagoa izango dute bozkatzaile gazteek baiezkoa emateko, izan ere, burujabetza betitik izan baita gazte jendearen xedeetako bat. Zer arriskatu gutxiago izaten da gaztetan, eta, hortaz, boto ausartagoa eman izan da beti adin horretan. Beharbada, horrexegatik esaten da norbanakook iraultzaileagoak garela hogei bat urterekin, eta kontserbadoreagoak, ordea, berrogei bat urtetik gora. Gainera, asmoa baldin bazen Espainiako adin nagusigo ofizialarekin bat ez egitea, berdin-berdin ezar zitekeen hamazazpi edo hemeretziko adin-muga, ezta?

Aurtengo askotariko bozketa-egunei gagozkielarik, berriz, guztiz kontraesankorra deritzot nik. Izan ere, herri oso baten erabakimena aldarrikatzea baldin bada xedea, albait batuen eta, hortaz, egun berean egitea litzateke egokiena, nik uste. Herriz herriko antolaketa eta zuzeneko esku hartzea beharko da, ezbairik gabe, baina helmuga bera dugu herri batean edo bestean bozkatuko dugunok: munduari erakustea euskaldunok nazioa garela eta geure tokia aldarrikatzen dugula munduko mapan. Beraz, helburua hori izanik, bozkatzaile kopuruak batu eta, horrela, kopuru orokorra bikoiztu, laukoiztu edo hainbatetan biderkatuta, ozenago eta sendoago esango genioke munduari Euskal Herria badela, euskaldunok burujabeak garela. 

Ez dakit nik, bada, baina susmoa dut honek guztiak seriotasuna eta koherentzia kentzen diola erabakimenaren aldeko herri mugimenduari, eta, urteetako lan neketsuaren ondoren, ez nuke nahi beste herri mugimendu batzuei gertatu bezala (eta ESAIT dut buruan) gertatzea GEDi ere; lehengo abenduko partidaren irudi tristeak zer pentsatua eman dit eta.
 

2016-12-27

ZAHARRA ZARA, BILBO

Gariren Zaharra zara, Bilbo abestia entzun berri dut, oraintsu, irratian. Betitik oso gogoko izan dudan doinua da eta, entzuten hasteaz batera, neu ere hasi naiz kanta-marmarrean. Baina berehala ohartu naiz ezberdin ari ginela Gari eta biok, ez gindoazela bateratsu; deseroso sentitu eta isildu egin naiz, Gariri aditzekotan.

Trakets, oso trakets aritu da Gari. Egia esanda, abestia bera zapuztu egin du hain gaizki kantatuta; gogoa ahituta bezala aritu da, eta, hainbesteraino gogaitu nau neu ere, ezen irratia amatatu behar izan baitut, deserosoaren deseroso. Lehenengo bertsio hura bezalakorik ez dagoela pentsatu dut orduan, eta, nahiz eta egileak berak bertsionatu jatorrizko hura, bestelakoa dirudi berriak. Izan ere, denbora ez ei da alferrik igarotzen, eta iragaite hori ezin ezkutatu norberaren sortze-lanetan ere.

Agian, norbaitek esan beharko lioke Gariri bere lehengo artelan haiek guztiak ez bertsionatzeko, zapuzten ez ibiltzeko, horrelako lanetan bestek hartuko duela ardurarik, ziurrenik. Agian, Garik ez ezik beste guztiok ere onartu beharko genuke iragana iragan dela, ez dela berriro itzuliko, eta oraina baino ez dugula, oraina besterik ez garela. Agian, lehengo Bilbo zahar hura nahiago dudalako idazten ari naiz lerro hauek; oraingo Bilbo honek ez nauelako lehengo hark beste asebetetzen, agian.

2016-12-24

OPARIAK ATE JOKA

Badator Olentzero, bai, laster izango dugu etxean opariak sartzen, tximiniatik, balkoitik edo ahal duenetik sartuta. Gure umeengan igartzen da, gehienbat, zer-nolako ilusioa sortzen duen urde tripandi horrek Gabon Gauaren bezperako egunotan. Eta nagusiok, pozarren gure txikien pozari so.

Olentzero nor den badakigunok, ostera, fikzioari muzin eginda, diru-zorroari erreparatzen diogu gehiago egun hauetan. Badakigu, jakin, oraingo gastuaren tamainaren araberakoa izango dela geroko ikearen zailtasuna, eta, horregatik, tentuz eskatzeko esaten diegu umeei, Olentzerok ezin duela eskatzen zaion guztia ekarri eta hobe dutela, ezer eskatu aurretik, zer nahiago duten ondo hautatu.

Horrela, ilusioaren eta gastuaren arteko talka horretan balantzaka, opariak erosteari ekiten diogu denok, batzuek gehixeago, eta bestetzuek gutxixeago. Eta, jakina, umeentzako opariak ez eze, maite ditugun helduentzakoak ere erosteko garaia iritsi da. Galdezka ibiltzen gara zer nahi edo beharko lukeen urliak edo sandiak, edo, beste barik, zer oparituko geniokeen berendiari. Askotan, zuzen-zuzenean ere galdetzen digute zer nahi dugun Olentzerotarako; neuri, behintzat, urtero egiten didate galdera hori hainbat hurkok.

Bada, erantzuna betikoa izan ohi da, ez dudala ezer berezirik behar, badudala denetarik eta dirurik alferrik ez gastatzeko nirekin. Baina, beharbada, erantzun horrek ezkutatzen duen benetako beste erantzun bat behar luke: ez dut ezer materialik behar, badut denetik, bai, egia da, baina, akaso, beste zertxobait behar nuke. 

Denek bezala, maitasun pittin bat gehixeago behar nuke, agian. Eta, batez ere, zintzotasun handiagoa ingurukoen aldetik; hipokresiarik gabeko jarrera zintzoa, alegia. Eta hori guztia oparitzeko, zer hobe komunikazio maila handiagoa baino? Bada, horixe nahi dut nik, maitasunean eta zintzotasunean oinarri duen komunikazio erraldoia, edo, nahiago bada, komunikazioan oinarritzen den maitasun zintzoa, zintzotasun maitagarria, itzela. Ni neu, behintzat, horixe oparitzen ahaleginduko naiz egunotan.

2016-12-02

ABENDUAREN 3a, ERDARAREN EGUN FOLKLORIKO HORI

Nazioarteko egunez beterik dugu egutegia. Hainbeste halako ditugu, ezen bat baino gehiago ospatu behar baitira egun bakoitzean, ezein ospakizunek ez baitu beretzat soilik izaterik eguna.

Bada, halako bat da Euskararen Nazioarteko Eguna deritzona, abenduaren 3an ospatzekoa berori, hain zuzen. Egun horretan, den-denak dira euskararen aldeko, zahar zein gazte, ar nahiz eme, euskaradun edo gabe; egun horretan, asmo onak baino ez dira euskararentzat, handik eta hemendik, euskararen onurak nonahi, noranahi, lau haizeetara hedatuaz; egun horretan, ekitaldiz lepo dauzkagu gure herrietako bazterrak, denak ere euskal senaren aldarrikapen, euskal hizkuntza eta kultura azken txokoraino eroan guran; egun horretan, euskal sortzaile guztiek badute lanik, batzuek musu-truk, bestetzuek diru truke; egun horretan, bai, abenduaren 3an, denok edo sentitzen gara edo sentiarazten gaituzte zoriontsuago, herri libreago batean, azken batean, gure esku baitago; egun horretan, bai, Euskararen Nazioarteko Egunean.

Ezagun erdaldun batek, euskaragabea bera, zera iradoki zidan lehengoan, berak ere ospatuko zuela abenduaren 3a, ondo deritzola halako aldarrikapen-egunak antolatzeari, euskarak denon laguntza behar baitu dagoen ataka estutik onik ateratzeko. Beraren ustez, halako egunean, batuago izango gara hogeita lau orduz, sikiera, hain askotarikoak garen euskal herritarrok.

Eta nik ez nion ezer ihardetsi, buruaren keinu ziztrin batez zioen guztia baietsi baizik. Eta neure artean pentsatu nuen nire ezagun horrek, akaso, euskaraz dakientxoa egingo duela egun horretan, parte hartuko duela herriko egun horretako ospakizunetan, eta, beharbada, ezagun horrek bezala, beste hainbatek ere usteko dutela Euskal Herria badabilela, badela, egunetik egunera hazten ari dela; baina egun horretan zehar baino ez, zorigaitzez.

Izan ere, nire ezagun horrentzat, erdara besterik ez da gure euskara, halako egunetan egitekoa, eta, bidenabar, haren folklorismo guztiaz gozatzekoa. Ezagun horrek badu beste egun bat gehiago egutegian, Ibilaldiaz haratago, edozer “euskal” izenlagunaz janztekoa. Nik, ordea, ez dut folklorea gogoko, are gutxiago, izanaren ukazioa dakarren folklorea, eta ez dut abenduaren 3rik ospatuko.
 

2016-05-07

PODEMOS EZ DA AHAL DUGU

Nahasi egin nahi gaituzte, garbi dago. Ez da gertatzen den lehenengo aldia, eta, hedabideetan ikus daitekeenez, lortzen ari direla esango nuke. Dagoeneko nonahi hasi gara “Ahal Dugu” entzuten, irakurtzen, bai eta batzuk esaten ere, Espainiako Podemosek Euskadirako eta Nafarroarako (ez Hego Euskal Herrirako) duen bertsioa izendatzeko. Garai batean ere, Ezker Batua entzuten genuen Izquierda Unida esan nahi zutenean, gogoratzen?

Euskara bera akuilu gisa erabiltzen dute politikariek, oro har, eta Podemosekoek bereziki. Erabakimenaren alde eta euskaraz aldarrikatuta, ematen du bestelakoak direla, ez direla espainiar petoak eta Estatuko nazio aniztasunaren aldekoak direla, baina, sakon-sakonean, gainerako alderdi estatalak bezain unionistak dira, berdin zaie euskaldunon erabakitzeko eskubidea eta, ezker naziozalearen aldarrikapen batzuk bere eginda, boto bila ari dira gure artean ere.

Ez dezagun geure burua engaina, guk geuk lortzen ez duguna ez baitigute Espainia aldetik oparituko. Herri honen independentzia nahi dugunok ez dugu erabakimena helburu, baliabide baizik, eta ahalmena dugu berori gauzatzeko; izan ere, guk geuk lor DEZAKEGU, ahal dugula badakigu eta. Ez baita gauza bera, ezta?