Badator Olentzero,
bai, laster izango dugu etxean opariak sartzen, tximiniatik, balkoitik edo ahal
duenetik sartuta. Gure umeengan igartzen da, gehienbat, zer-nolako ilusioa
sortzen duen urde tripandi horrek Gabon Gauaren bezperako egunotan. Eta nagusiok,
pozarren gure txikien pozari so.
Olentzero nor den
badakigunok, ostera, fikzioari muzin eginda, diru-zorroari erreparatzen diogu
gehiago egun hauetan. Badakigu, jakin, oraingo gastuaren tamainaren araberakoa
izango dela geroko ikearen zailtasuna, eta, horregatik, tentuz eskatzeko esaten
diegu umeei, Olentzerok ezin duela eskatzen zaion guztia ekarri eta hobe dutela,
ezer eskatu aurretik, zer nahiago duten ondo hautatu.
Horrela, ilusioaren
eta gastuaren arteko talka horretan balantzaka, opariak erosteari ekiten diogu
denok, batzuek gehixeago, eta bestetzuek gutxixeago. Eta, jakina, umeentzako
opariak ez eze, maite ditugun helduentzakoak ere erosteko garaia iritsi da.
Galdezka ibiltzen gara zer nahi edo beharko lukeen urliak edo sandiak, edo,
beste barik, zer oparituko geniokeen berendiari. Askotan, zuzen-zuzenean ere
galdetzen digute zer nahi dugun Olentzerotarako; neuri, behintzat, urtero
egiten didate galdera hori hainbat hurkok.
Bada, erantzuna
betikoa izan ohi da, ez dudala ezer berezirik behar, badudala denetarik eta
dirurik alferrik ez gastatzeko nirekin. Baina, beharbada, erantzun horrek
ezkutatzen duen benetako beste erantzun bat behar luke: ez dut ezer materialik
behar, badut denetik, bai, egia da, baina, akaso, beste zertxobait behar nuke.
Denek bezala, maitasun pittin bat gehixeago behar nuke, agian. Eta,
batez ere, zintzotasun handiagoa ingurukoen aldetik; hipokresiarik gabeko
jarrera zintzoa, alegia. Eta hori guztia oparitzeko, zer hobe komunikazio maila
handiagoa baino? Bada, horixe nahi dut nik, maitasunean eta zintzotasunean
oinarri duen komunikazio erraldoia, edo, nahiago bada, komunikazioan
oinarritzen den maitasun zintzoa, zintzotasun maitagarria, itzela. Ni neu,
behintzat, horixe oparitzen ahaleginduko naiz egunotan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina