Nazioarteko egunez
beterik dugu egutegia. Hainbeste halako ditugu, ezen bat baino gehiago ospatu
behar baitira egun bakoitzean, ezein ospakizunek ez baitu beretzat soilik
izaterik eguna.
Bada, halako bat da
Euskararen Nazioarteko Eguna deritzona, abenduaren 3an ospatzekoa berori, hain
zuzen. Egun horretan, den-denak dira euskararen aldeko, zahar zein gazte, ar
nahiz eme, euskaradun edo gabe; egun horretan, asmo onak baino ez dira
euskararentzat, handik eta hemendik, euskararen onurak nonahi, noranahi, lau
haizeetara hedatuaz; egun horretan, ekitaldiz lepo dauzkagu gure herrietako
bazterrak, denak ere euskal senaren aldarrikapen, euskal hizkuntza eta kultura
azken txokoraino eroan guran; egun horretan, euskal sortzaile guztiek badute
lanik, batzuek musu-truk, bestetzuek diru truke; egun horretan, bai, abenduaren
3an, denok edo sentitzen gara edo sentiarazten gaituzte zoriontsuago, herri
libreago batean, azken batean, gure esku baitago; egun horretan, bai,
Euskararen Nazioarteko Egunean.
Ezagun erdaldun
batek, euskaragabea bera, zera iradoki zidan lehengoan, berak ere ospatuko
zuela abenduaren 3a, ondo deritzola halako aldarrikapen-egunak antolatzeari,
euskarak denon laguntza behar baitu dagoen ataka estutik onik ateratzeko. Beraren
ustez, halako egunean, batuago izango gara hogeita lau orduz, sikiera, hain
askotarikoak garen euskal herritarrok.
Eta nik ez nion
ezer ihardetsi, buruaren keinu ziztrin batez zioen guztia baietsi baizik. Eta
neure artean pentsatu nuen nire ezagun horrek, akaso, euskaraz dakientxoa
egingo duela egun horretan, parte hartuko duela herriko egun horretako
ospakizunetan, eta, beharbada, ezagun horrek bezala, beste hainbatek ere usteko
dutela Euskal Herria badabilela, badela, egunetik egunera hazten ari dela;
baina egun horretan zehar baino ez, zorigaitzez.
Izan ere, nire ezagun horrentzat, erdara besterik ez da gure euskara,
halako egunetan egitekoa, eta, bidenabar, haren folklorismo guztiaz gozatzekoa.
Ezagun horrek badu beste egun bat gehiago egutegian, Ibilaldiaz haratago,
edozer “euskal” izenlagunaz janztekoa. Nik, ordea, ez dut folklorea gogoko, are
gutxiago, izanaren ukazioa dakarren folklorea, eta ez dut abenduaren 3rik
ospatuko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina