Hauteskunde giroa sumatzen da inguruan. Hego Euskal
Herrian urtebeteren buruan izango ditugu, bai ala bai, baina gatibu gaituen
espainiar estatuan ere ez dirudi luze iraungo duenik indarrean duten gobernuak.
Eta, tesitura horren aurrean, zer-nolako jokaera dugu euskaldunok? Zelan jokatu
behar lukete euskal alderdiek?
Aldez aurretik esan
dezadan, “euskaldunok” edota “euskal alderdiak” esatean, ez naizela bertoko
euskal herritar guztiez ari, ez eta Hego Euskal Herrian diharduten alderdi
politiko guztiez ere; euskal herritar nahiz alderdi naziozaleez ari naiz,
Euskal Herria naziotzat jo eta beronen askapena aldarrikatzen dugunoz, hain
zuzen.
Hori argituta, eta
gauden egoeran egonda, bada garaia estrategia politiko komunak abian jartzeko,
nik uste. Bada garaia batzen gaituenak benetan batu gaitzan eta, horrela,
berrindarturik, aurrera egin dezagun geure askapenean. Eta, hauteskunde
estrategiei begira ere, nolabaiteko bide komuna lantzeko garaia iritsi dela
esango nuke: naziozaleok, bidaide.
Batetik, bertoko
hauteskundeak izaten ditugu: Batzar Nagusietako, Eusko Legebiltzarrerako, Foru
nahiz Udal hauteskundeak. Berorietan guztietan, bereiz aurkeztu behar dira
euskal alderdi naziozaleak, EAJ eta EHBildu, alegia. Noski, nork bere ideologiatik
egin nahi eta behar du politika eta, horretarako, unean uneko zein tokian
tokiko erabakiak hartu behar. Hala ere, alderdi espainolak eta espainolistak
gailentzen diren edo indartsu dabiltzan lekuetan, jokabide estrategikoa eduki
beharko lukete ikuspegi nazional batetik, elkarri laguntza emanez, bai gobernua(k)
osatzeko garaian, bai erabaki garrantzitsuenetan. Hots, ahuldadearen aurrean,
baturik; indarra dagoenean, bereiz.
Horrela, betiere, euskal nazioa indarturik aterako litzateke udalerri, eskualde
eta lurralde historikoetan, eta, hortaz, Hego Euskal Herrian.
Bestetik, ordea,
gure lurraldeetatik haragoko hauteskundeak izaten ditugu; Espainian eta
Europan, halabeharrez. Eta, horrelakoetan, bestelako estrategia behar lukete
gure alderdiek: bat eginik jokatu beharko lukete EAJk eta EHBilduk. Hau da,
Espainiara eta Europara euskaldunon interesak defendatzera joan behar dute, bidaide, ikuspegi nazional batetik
jardunda. Gure nazioa kuestionatzen eta ukatzen duten erakunde arrotzetan, gure
arteko batasunak baino ezin du bermatu gure interesen benetako defentsa.
Hau da, gure arteko
lehian, ondo da ezker-eskuin parametroetan lehiatzea eta ikuspegi ezberdinak
agerian uztea, argudiatuz, elkar kritikatuz, elkarri alternatibak jarriz, eta,
batez ere, elkarrekiko errespetu osoz. Baina, etsaiaren aurkako lehian,
parametro nazionaletatik ekin behar zaio borrokari, bat eginik, elkarren
eskutik, elkarri lagunduz, alternatiba komunak eginez, eta, batik bat, euskal
nazioa aldarrikatuz eta eraikiz.
Eta baten batek
esango du, arrazoi osoz esanda ere, non utzi ote dudan Ipar Euskal Herria
proposamen nazionala egitekotan. Bada, iparreko egoera politikoa arrotzagoa
zaidanez, nahiago izan dut albo batera utzi, oraingoz behintzat, baina garbi
asko dago planteamendu bera egin litekeela han ere, bertako euskal naziozaleak
Frantziako erakundeei begira, batetik, eta, bestetik, Europako erakundeei
begira, Ipar eta Hego Euskal Herriko indarrak bat eginik.
Edonola ere, estrategia logikoa dirudi ikuspegi nazional batetik
aztertuta; burujabetza lortu nahi baldin badugu, noiz edo noiz gauzatu beharko
dugun estrategia. Nago, ostera, euskal alderdi naziozaleek oraindik ere euren
alderdikeriari begira jokatzen dutela, naziogintza albo batera utzita.
Horrexegatik nahi izan dut NAZIOZALE terminoa azpimarratu, “jeltzale” eta
"abertzale” adjektiboak aipatu ere egin gabe. Askapen nazionala behar baitugu
lehenik eta behin; gero, gerokoak.