Seme nagusia
erdaraz egiten harrapatu dut gaur, plazan, bera baino pare bat urte zaharragoa den
beste ume euskaldun batekin. Eta nik, goxo eta amultsu, beragana hurbildu eta zera
esan diot: “Badakik, seme, euskaldunon artean euskaraz egin ohi diagu”. Ulertu
eta atoan hasi da, jarraitu dute, euskaraz egiten. Orain arte ez dut uste
halakorik egin duenik, baina, urteetan gora doazela, errazagoa da erdarara
jauzi egitea, antza, beste guraso batzuek esan didatenez.
Bada, kontua da,
hori esan diodanean, inguruan zebilen beste guraso batek entzun eta zera esan
didala, erdaraz ere egin behar dutela gure seme-alabek, gurasoon garaiko
bereizkeriatan ez dutela zertan parte hartu eta, nolabait, berdintasunean jaso,
onartu eta garatu behar dituztela euren hizkuntzak, euskara eta gaztelania.
Nik, birritan pentsatu barik, zera ihardetsi diot berehala, berdintasunez
jardutekotan, lehenengoz, berrogei bat urteko jazarpena egin beharko
litzaiokeela gaztelaniari, eta, behin euskararekin parra eginda, orduantxe hasi
beharko genukeela berdintasunez jokatzen; bitartean, berdinkeria baino ez
litzatekeela. Berak irribarre batez onartu du nire iruzkina, eta hortxe amaitu
da bion arteko solasa.
Ez dut askorik
ezagutzen guraso hori. Egia esanda, beraren izenik ere ez dakit. Zorioneko
plaza honetan ere ibiltzen dela besterik ez dakit, bere umeekin, eta, euskaraz
dakien arren, erdaraz entzun izan diodala berbetan beste guraso batzuekin, ez
behin edo birritan, askotxotan baizik. Ni baino dezente gazteagoa dela ere badakit,
adin bertsuko umeak ditugun arren, eta nitaz zer pentsatuko zuen ere badakit,
horretaz txintik ere esan ez didan arren; euskararen taliban hutsa naizela
pentsatuko zuen, ziur naiz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina