Gariren Zaharra zara, Bilbo abestia entzun berri
dut, oraintsu, irratian. Betitik oso gogoko izan dudan doinua da eta, entzuten
hasteaz batera, neu ere hasi naiz kanta-marmarrean. Baina berehala ohartu naiz
ezberdin ari ginela Gari eta biok, ez gindoazela bateratsu; deseroso sentitu
eta isildu egin naiz, Gariri aditzekotan.
Trakets, oso
trakets aritu da Gari. Egia esanda, abestia bera zapuztu egin du hain gaizki
kantatuta; gogoa ahituta bezala aritu da, eta, hainbesteraino gogaitu nau neu
ere, ezen irratia amatatu behar izan baitut, deserosoaren deseroso. Lehenengo
bertsio hura bezalakorik ez dagoela pentsatu dut orduan, eta, nahiz eta egileak
berak bertsionatu jatorrizko hura, bestelakoa dirudi berriak. Izan ere, denbora
ez ei da alferrik igarotzen, eta iragaite hori ezin ezkutatu norberaren
sortze-lanetan ere.
Agian, norbaitek esan beharko lioke Gariri bere lehengo artelan haiek
guztiak ez bertsionatzeko, zapuzten ez ibiltzeko, horrelako lanetan bestek
hartuko duela ardurarik, ziurrenik. Agian, Garik ez ezik beste guztiok ere
onartu beharko genuke iragana iragan dela, ez dela berriro itzuliko, eta oraina
baino ez dugula, oraina besterik ez garela. Agian, lehengo Bilbo zahar hura
nahiago dudalako idazten ari naiz lerro hauek; oraingo Bilbo honek ez nauelako
lehengo hark beste asebetetzen, agian.