Lehengo batean beheko argazki hau topatu nuen X-Twitter sareko txio batean. Berdin dio noren txioa zen, mezulariak bainoago, normalean, mezuak izaten baitu garrantzi handiagoa; edo mezuek eta kontramezuek (txioek eta bertxioek, alegia) eta, azken finean, haietatik norberak ondorioztatu dezakeenak. Badakit, bai, oraingo X lehengo Twitter baino zeragoa dela (zerorrek jarri kalifikatiboa, irakurle), baina txiolariok bertan idatzi, kontraidatzi edo dena delakotu dezakegunak, nire ustez, balio positiboa ematen dio sare sozial honi, eta horrexegatik, hain zuzen, ez dut (oraindik) bertatik alde egin, nahiz eta Blueskyn ere zabaldu dudan kontu bat, badaezpada ere.
Oraingo honetan, argazkia agertu zuen txioari segida ematen zioten beste txio ia guztiek gauza bertsua ematen zuten aditzera: Silvia Orriols fatxa hutsa da, faxista, xenofobo eta arrazista. Eta, zergatik jakin guran, beraren kontu ofizialean sartu eta han-hemenka egin izan dituen hainbat deklarazio eta adierazpen arakatu nituen, zantzu faxisten peskizan. Ez nuen, baina, halakorik aurkitu.
Izan ere, gaur-gaurkoz, oso erraz, errazegi esaten zaio inori fatxa edo faxista dela, batik bat, norberaren ideiekin bat ez datorren horri. Baina irudipena dut Silvia hala kalifikatzen duten askotxok ez dakitela oso ongi zer den faxismoa, eta, areago, haietako bat baino gehiago ere eurak direla benetako fatxak, profil faltsu baten azpian ezkutatuta, iseka eta irainka ibiltzen direnak.
Silviak Katalunia maite du, oso. Katalanista da, edo katalan naziozalea, eta, bere herria desagertzeko zorian dagoela ikusita, ahoan bilorik gabe hasi da Katalunia katalanentzat aldarrikatzen; hau da, lehenengo eta behin, katalanak! Eta Kataluniara doan edonor, bertako esentzia, idiosinkrasia, hizkuntza eta kultura errespetatuz bertaratzeko prest baldin badago, ongi etorria izango da Katalunian; bestela, sobera dago han.
Zer du horrek guztiak faxismotik? Nork bere nortasuna, bere familiaren eta herrikideen nortasuna defendatzea faxismoa ote da? Fatxa al da bere herrialdearen inbasioa salatu eta inbasoreei aurre egin nahi diena? Eta, inbasore dioenean, Sillvia ez da Hirugarren Mundutik bizimodu hobe baten bila datozenez ari, haiekiko kudeaketa interesatuaz baizik, halakoak erabiltzen baitituzte lehenagoko inbasoreek Katalunia mundu mapatik behin betikoz ezabatzeko. Espainiar Estatuko edonondik nahiz Europako edo munduko nonahitik etorritakoak dira inbasore Silviarentzat, baldin eta Katalunian, Kataluniaren alde eta katalanez egiteko etorri ez badira.
Eta hasiak dira ahotsak entzuten (baita pintadak ikusten ere, antza) Euskal Herrian behar ote genukeen Silvia Orriols bat, Euskal Herriaren ukazioa eta bihar-etziko desagerrarazpena salatu eta bertoko inbasoreei aurre egingo diena. Noiz hasiko gara, bestela, Euskal Herria zutuntzen? Erabat eraitsita dagoenean?
Tira, irakurle, lerrook idazteagatik neuri ere direnak eta ez direnak egozten hasi aurretik, pentsaizu pixka batean horretan guztian, mesedez. Eta, noski, irainak-eta zuzen, egoki eta jator idatzirik, hau da, analfabetismorik agerian utzi gabe (#EuskaraOneanHobe).
Azken ohartxoa: Katalunia diodanean Catalunyaz ari naiz, katalanetik eta katalanez bizi den horretaz, Euskal Herria euskaratik eta euskaraz bizi dena den bezalaxe.