2016-03-14

GURE IRRATI PUBLIKOAZ

Betitik izan naiz irratizalea; telebistak aspertu egiten nau, erabat. Irratiak eta prentsa idatziak, ordea, erakarri egiten naute, uhinez edota tintaz helarazten zaizkidan berben artean murgiltzera gonbidatuta edo, beraien magian uger egin dezadan, inoren irudiez despistatu barik. Horrexek bultzatuko ninduen, ziurrenik, gaztetan kazetaritza ikastera, nahiz eta egun ez nabilen kazetari lanetan.

Horrela, egunero-egunero bataren entzule zein bestearen irakurle bilakatu ohi naiz. Goizetan, prentsa idatzia arakatzen ahalegintzen naiz, bestelako informazioa, bestek emango ez didan informazio hori, topatu nahian. Eta gauez, semeek bake pixka bat ematen didaten ordu handi-txikietan, irratia bihurtzen dut lagun, neure pentsamenduen bidaide.

Aspaldion, baina, abandonatu egin nau irrati maiteak. Futbola gailentzen omen zaio programazio orori, eta, gustatu edo ez, eraldatu egiten digu irratia bera; telebistaz jabetzea nahikoa ez, eta irratia ere ostu nahi digute, antza. Izan ere, astegun buruzuriren batean Athleticek, Realak edota Eibarrek jokatuz gero, akabo, futbola entzun behar, derrigorrean, euskarazko nahiz erdarazko irrati publiko bietan, gainera. Lotsagarria da, besterik ez esatearren.

Gero, kexatuko dira gizartea lo dagoela, ez dela mugitzen, ez duela bere baitan baino pentsatzen, eta abar. Bada, esna nahi bagaituzte, ez diezagutela informazioa, solasaldia eta analisia kendu, ez gaitzatela tontotu nahi, hogeita bi tonto pilota tonto baten atzean korrika entzunaraziz.
 

2016-02-01

ZELAN SENTIDU ZAREN, LIPAR BATEZ

Txundituta utzi nau, gaur goizean, bost urteko semeak. Gosaria prestatzen ari nintzaiola, bera zain, zera bota dit, bat-batean: “Aita, aitite hil zanean, zu zelan senditu zaren?” Oraindik ez daki ondo iragana esaten, eta zaren edo doten esaten ditu, zinan edo neban (nuen) adizkien truke. Hizkuntzaz oraindik gabeziak dituen arren, heriotzaren inguruan izan duen kezka horrek harritu nau, edonola ere.

Segundo batzuetan zer erantzun ez nekiela, gero, triste eta txarto sentitu nintzela erantzun diot. Eta berak, jarraian, “zu hiltzen zarenean, neu be triste eta txarto sentiduko naz” bota du. “Nik ez dot nahi zu hiltzea” segitu du, eta isildu egin da, gero. Eskolan heriotzaren inguruan zer edo zer landu dutela pentsatu dut nik, baina ezetz esan dit berak, hori berak bakarrik pentsatu duela gaineratuta; horrela, besterik gabe.

Lipar batez, abiadura itzelean, eszenatoki ezberdinak pasatu zaizkit burutik, semeak txiki-txikia zelarik nire aita zena ezagutu zuen hartatik eta balizko nire bat-bateko heriotza baterainokoak, semea aita barik utziaz. Eta zera pentsatu dut, neuk ere, berak bezala, ez dudala hil nahi, ez oraindik behintzat. Seme biak koskortu eta, neurri batean, gizonduta ere ikusi nahi nituzke hil aurretik, baina batek daki non, zein txokotan dudan zain Herio.

Lipar hori igaro egin da, eta eguneroko kontuez jarraitu dugu hizketan, hirurok, eskolan egitekoak dituztenez beraiek, eta gero, arratsaldean, eskolara bila joango natzaiela esanda nik. Ditugun egiteko horiek elikatzen gaituzte, azken batean, egunerokoan; egitekoak bizi gaitu, nolabait esatearren.

Eta liparrez lipar, aurrera doa denbora, aurrera bizitza, badoakiguna. Eta, aita hil zitzaidaneko une hartan barik, konturatu naiz zelan sentitu naizen istant horretan, semeak heriotzaren aukera aipatu didanekoan; triste sentitu naiz, txarto.

2013-08-19

DENBORAREN JOANA

Ez da makala, gero, zeinen azkar igarotzen den denbora. Entzuna nuen, askotan entzun ere, seme-alabek ikusarazten digutela, azkartu egiten delako edo, denboraren igarotze hori, eta bai, halaxe dela ari naiz konturatzen urteotan. Blogera sartu berri naiz aspaldiko partetik eta, jabetu orduko, hiru urte joan dira azkeneko mezua idatzi nuenetik hona. Ez da makala, ez, diodanez.

Lehenengo semearen sorreraz aritu nintzen orduko hartan, eta jada bi urte bete ditu txikiak ere. Egia esanda, horrexegatik ez naiz blogean sartu aspaldi luze honetan, astirik ematen ez didatelako bi txikiek, eta nolabaiteko pena ere ematen dit idatzi ezin izate honek. Baina, bestalde ere, zorionekoa naiz semeoi esker, idatzi ezinik nabilen arren; batetik eman eta, bestetik, kendu egiten du guraso izateak, bai horixe.

Itxaropena dut, halere, hemendik aurrera, astitsuago ibiltzeko eta, tarteka eta eurak lotan daudenean baino ez bada ere, zertxobait idazteko blog honetan. Izan ere, idazteak on egiten dit niri, gogoa bainoago beharra zaidalarik, eta denbora ematen laguntzen dit, gainera.

Laster arte.

2010-06-05

ORDEZKAPENA

Hilabeteak eman ditut blogean sartu barik. Orain, izkiriatu nuen azken testua irakurrita, bizitzaren ironiaz jabetu naiz. Bizitzaren bukaeraz idatzi bainuen azkeneko hartan, eta, orain, berriz, haren hastapenaz gogoeta egitera elkarri naute ziskurtantziek.

Izan ere, semea jaio berri da egunotan. Aitarekin egoteak amaieran pentsatzera eraman nau askotan, tristeziara, ezagutzen ez dugun heriotzaren kontzientziara. Semearen jaiotzak, ordea, ilusioan murgiltzera, poztasunera ekartzen nau maiz, ezagutzen ez dugun bizitzaren kontzientziara.

Dena da berri seme jaioberriarentzat; gosea, logura, hotsak eta isilak, beroa eta hotza. Txoratuta egoten gatzaizkio begira aita eta biok, nola esperimentatzen duen ikusten, nola ikasten duen bizitzen. Zoragarria da bizitzea, eta, askotan, konturatu ere ez gara egiten beraren magikotasunaz.

Aitari, berriz, kezkatuta begiratzen diot nik gehienetan. Bizitzaren azken txanpan sartzeak dementzia ekarri dio, kontzientziarik eza, ezertarako gogo falta. Gizagaixoa ohartu ere ez da egin lobatxoa jaio dela, ez da jakitun bere leinua luzatuko duen beste bat etorri dela mundura, bere esentziaren pusketatxo bat sikiera betikotzeko prest dagoena.

Azken batean, ez aitak ez semeak ez dakite elkarren ordezko izan daitezkeela, elkar ordezkatzeko unea ailegatu dela. Edo bai, agian badakite. Egia esanda, ordezkapen hutsa baita bizitza, bizia herioaren ordez, eta herioaren ordez bizia.

2009-08-28

AMAIERA DATORRENEAN

Lo dago aita. Bere betiko lekuan, sofa txikian, lo. Normala ei da, laurogeitazak urte edukita, hainbesteko logura izatea. Eta, lo dagoela, askotan bezala, begira egon natzaio, ezer esan gabe. Zer pentsatua ematen dit horrelakoetan, oraino zer izan den eta orain zer den ikusarazten baitit. Heriotzaz pentsarazten dit beraren irudiak, beraren bizimoduak.

Behin erretiroa hartzera behartuta, ezer gutxi gehiago geratzen zaio mundu honetan egiteko XX. mendeko hasieran jaiotako agure bati. Zahartzaroa, belaunaldi horretakoentzat, badirudi itxarote hutsa dela, zain egote bat, heriotzaren peskizan. Izan ere, ez daude prestatuta bizitza bizitzeko, ez behintzat ohiko lanaz eta egitekoez haratago.

Oraintsu esnatu da aita, telebistaren zaratak-edo iratzarrita. Film bat ari dira ematen eta eszena bortitz baten zalapartak ekarri du mundura bueltan. Telebistan zer edo zer ikusteko ote dagoen galdetu dit, zerbait ipin diezaiodala agindu dit. “España Directo” jarri diot, eta bai, horixe ikusi nahi duela azaldu du.

Telebista da, gaur egun, gure agure-atsoen entretenimendurik behinena. Jada ez dira gai izaten eguneroko elkarrizketetan murgiltzeko eta, ezintasunak horretara bultzatuta, telebistak eskaintzen dien pasibotasuna nahiago dute. Gainera, alarguna izanik, seme-alabok baino ez gatzaizkie geratzen horietako askori, eta askok eta askok ondorengorik ere ez dute.

Tristea begitantzen zait zahartzaroa niri. Jaiotzeak heriotza zor, esaerak dioenez, baina zahartzaro luze eta goibel batek garamatzan heriotzak, askotan, agonia hutsa dirudi. Beldurra ematen dit zahartzaroak, zertarako ezkutatu. Beraz, itxaropena da dudan aukera bakarra. Espero dut niri egokituko zaidan amaiera bestelakoa izatea.

2009-08-26

ESTURA

Gizakiok beti kexaka ibili ohi gara denbora faltan gabiltzala, bizitza konturatu gabe doakigula, ez dakit zer eta badakit nor. Bada, nire ustez, lanak jaten digun denbora hori osorik eta guretzat dugunean ere, batzuetan, ez dakigu zer demontre egin. Edo horixe da, behintzat, niri egunotan gertatzen ari zaidana. Izan ere, oraindik oporretan nagoela, arazo txiki bat daukat denborarekin.

Gero eta denbora gutxiago falta da lantokira bueltatu behar izateko eta, teorian behintzat, pozik egon beharko nuke; batetik, lana dudalako krisi-garai hauetan, eta, bestetik, oporretan nagoelako oraindik ere. Hilabete opor izatea ez da makala, ez behintzat egungo lan-prekarietatean zer eskubide gutxi izaten diren ikusita. Baina, nolakoak diren gauzak, zerbaitek kale egiten dit; edo, agian, zerbait sobera daukat egunotan: denbora.

Ez dut esan nahi, ez, oporrik ez dudanik nahi, edo opor gutxiagorekin ere nahikoa nukeenik. Lanean nagoenean, neu ere, lankideak bezala, oporren irrikan izaten naiz, noski. Oporraldietan, ordea, egunak ordu gehiegi izaten ditu batzuetan, eta, horrela, denbora larregi izaten da pentsatzeko, hausnartzeko, benetan zertan ari garen sakontzeko, eta, beharbada horregatik, deseroso izaten naiz batzuetan, ez baitakit ziur zer demontre pintatzen dudan nik mundu honetan. Bitxia bada ere, estutu egiten nau soberako denbora izate horrek, eta ez dut gogoko estualdian murgiltzea.

2009-08-03

TXAPITULATIK

Ondoko atarian oihuak eta maldizioak entzuten dira. ¡Que te follen! ¡Vete a tomar por culo, hijo de puta! ¡Sinvergüenza de los cojones! Gazteak dira, ahotsagatik behintzat gazte dirudite. Bikote gaztea, beraz, eta ume txiki baten negarrak ere aditzen dira hemendik, ni nagoen txapitula honetatik. Sesioa dago ondoko atariko bigarren solairuan-edo, nire kalkuluen arabera, eta uste dut badakidala nor diren.

Abuztuko lehen opor-egunak dira eta dagoeneko horrelakoekin dabilen bikoteak ez dakit hurrengo oporrik izango duen. Udaldia, edo udaldiko oporraldia omen da bikote gehien banatzen diren sasoia; hala diote inkestek, bederen. Izan ere, oporretan pairatu behar da gehienbat gainerako egunetan, lanegunetan, hainbesterako ez dirudien bikotekide jasanezin hori. Bada, biren arteko arazoa baino ez balitz, tira! Baina kasu honetan hirukotea da, umetxoa ere hor baitago.

Gizonari Luki deritzote, antza. Andreak ez dakit zein izen duen, ezta umeak ere. Badakit, ordea, azken bi hauek beti bakarrik ikusten ditudala, sekula ez gizon-aitaren konpainian. Paseoan edo beheko patioan jolasean, beti ama eta umea, biak bakarrik. Gizona inoiz edo behin baino ez da kalean ikusten, baina inoiz ez bere familiarekin. Lanean-edo ibiliko zela pentsatu izan dut beti, baina, egunotan ez, egunotan badakit oporrak dituela. Horregatik ikusi dut lehen, goiz erdian, bizikletan behera zihoala, bakarrik.

Espero dezagun, behintzat, umea onik irten dadila honetatik guztitik, eta, egunen batean, nagusi denean, ez ditzala umetan ikasitako estereotipoak errepika. Sokak badu etenik, edo izan beharko luke, nik uste.