Egunotan, han-hemenka ari dira
egiten tokian tokiko euskaraldiaren
aurkezpenak. Dakigunez, aurtengo euskara-egunaren aurreko hamar egunetan, bai
eta euskara-egunean berean ere, hainbat ekintza burutuko dira euskararen alde,
eta, horietatik eraginkorrenak-edo, hamaika egun horietan zehar, hots, 264 orduz
edota 15.840 minutuz, nahiago bada, bizi eta prest ariko diren milaka
aho-belarriak izango dira.
Jakina, aho-belarri horiek
boluntarioak izango dira, militanteak, eta musu-truk jardungo dute mingaina
astintzen nahiz adi-adi aditzen. Baina gainerako ekintza puntualetan,
gehientsuenetan, segur aski, euskal kulturaren sortzaile asko eta asko ibiliko
dira lanean; kantuan, dantzan, bertsotan… Eta, noski, lana denez, beren diru-sarrerak
izango dituzte ordainetan, oro har, denon sakela komunetik ordainduko zaizkien
sosak, hain zuen.
Agerian denez, aurton, euskaraldi oparoa izango dugu azaren
aroaren bueltan; batzuek, hori bai, askoz ere oparoagoa bestetzuek baino,
baina, tira, horrela izan da beti, ezta? Hala ere, oparotasun horrezaz harago,
euskarak ez dirudi hainbeste irabaziko duenik, ez denboran, behintzat. Oraino,
euskara-eguna ospatzen denetik, 364 egun izan ditu urtero-urtero irabazteke (365 bisurteetan), eta, aurten, oraindik
ere 354 faltako zaizkio urte biribila osatzeko (horrela jarraituz gero, 2020an eta hortik aurrera lau urterik behin,
355).
Gainera, ahobizi eta belarriprest
arituko direnek, kontatu didatenez, bereizgarria eramango dute paparrean,
itsaskin bat edo, elkar ondo identifikatu eta hanka sartzerik ez egiteko. Eta itsaskinok
ere merke-merke irtengo zaizkio euskaraldiari, norbaitek debalde ekoitziko
baititu, diot nik. Zehapen horrek gogora ekarri dit gaztetako garai hura,
laurogeiko hamarraldia, denok paparrean EHEren txapa eta eguzki antinuklearra,
besteak beste, luzitzen genituenekoa. Lehengo lepotik burua, beraz.
Euskaralditik at, baina, milaka
euskaldun biziko gara gure egunerokoan, gaur bezala egun horietan ere,
euskaraz, itsaskinik gabe paparrean, eta aparteko irabazpen ekonomikorik jaso
gabe. Bolo-bolo ibiliko dugu euskara ahoan, eta fin-fin entzungo ondokoari,
horregatik aparteko meritu eta goraipamenik eskuratuko ez badugu ere, eta urte
biribila osatuko dugu euskaraz, iaz bezala, eta, dena ondo bidean, datozenak
bezalaxe ere. Eguneroko bizimodu euskalduna egiten dutenak, duzuenok, dugunok
eraikitzen ari gara Euskal Herria; unerik une, uneoro, etenik gabe.