Irudipena dut,
egungo gizartean, krisi sakon eta luze batetik atera ezinik gabiltzala, eta ez
naiz ari krisi ekonomikoaz soilik. Balio material eta materialistetatik harago
doan kontua da, dudarik gabe. Gizartearen balioez ari naiz, gizakiarenez.
Aldarrikapen sozial
edo soziopolitikoak, baita kulturalak ere, gainbehera bide datoz aspaldion.
Irudipena dut inor gutxi mugitzen dela besteren kontuen alde, inor gutxi
dagoela prest bere denbora apur bat, eta are gutxiago dirua bada, inoren edota
ezeren alde emateko. Niri bost!
bihurtu da norbanakoaren bizi-filosofia; jendarterik ez, norbera nagusi.
Lehengoan,
independentziaren aldeko kontzentrazio txiki bat ikusi nuen, herri txiki batean,
asmo handi bat helburu: Euskal Herriaren independentzia. Bertan kontzentratuak zirenak
ez ziren 30etik gora izango, milaka gutxi batzuetako biztanle kopurua duen
herrixkan. Ziur nago herri horretan, independentziaren alde edo kontra
bozkatzeko aukera emango balitz, askoz gehiago liratekeela aldekoak kontzentrazioan
ikusitakoak baino. Baina horiek guztiak ez ziren bertaratu, ez zuten argazkian
irten nahi izan, antza. Neu ere ez nintzen kontzentrazioan izan, eta izan,
banaiz independentziaren aldeko, baina herrixka horretatik pasatu baino ez nintzen
egin, beste norabaiteko bidean, eta ez nintzen bat-batean geldituko parte
hartzeko.
Gaur ere ez naiz
Bilboko kaleetan izango, eta badakit milaka asko elkartuko direla pentsio
duinen aldeko manifestazioan, minutu gutxiren buruan. Bilbon nago, etxean, eta
ezer gutxi kostatuko litzaidake zertxobait apaindu eta manifara jaistea, baina nekatuta nago, gogaitu samar, bizitza oso
bat aldarrikapenik aldarrikapen ibiltzeak zeharo nekatu bainau dagoeneko. Bihar
ere ez naiz Larrabetzura joango IN-DE-PEN-DEN-TZIA aldarrikatzera, oihukatzera,
lagun eta ezagun asko bertan izango direla jakin arren.
Krisi sakon eta
luze batetik atera ezinik gabiltza, ala neu nabil? Gizartearen balioak galdu
dira, ala neuk galdu ditut neureak? Aldarrikapena gainbehera dator, ala ni neu? Ez dakit, bada.
Nekea, nagia, ezina, dena da bat nigan.
Nekea, nagia, ezina, dena da bat nigan.