Nahasi egin nahi
gaituzte, garbi dago. Ez da gertatzen den lehenengo aldia, eta, hedabideetan
ikus daitekeenez, lortzen ari direla esango nuke. Dagoeneko nonahi hasi gara
“Ahal Dugu” entzuten, irakurtzen, bai eta batzuk esaten ere, Espainiako
Podemosek Euskadirako eta Nafarroarako (ez Hego Euskal Herrirako) duen bertsioa
izendatzeko. Garai batean ere, Ezker Batua entzuten genuen Izquierda Unida esan
nahi zutenean, gogoratzen?
Euskara bera akuilu
gisa erabiltzen dute politikariek, oro har, eta Podemosekoek bereziki.
Erabakimenaren alde eta euskaraz aldarrikatuta, ematen du bestelakoak direla,
ez direla espainiar petoak eta Estatuko nazio aniztasunaren aldekoak direla,
baina, sakon-sakonean, gainerako alderdi estatalak bezain unionistak dira,
berdin zaie euskaldunon erabakitzeko eskubidea eta, ezker naziozalearen
aldarrikapen batzuk bere eginda, boto bila ari dira gure artean ere.
Ez dezagun geure burua engaina, guk geuk lortzen ez duguna ez baitigute
Espainia aldetik oparituko. Herri honen independentzia nahi dugunok ez dugu
erabakimena helburu, baliabide baizik, eta ahalmena dugu berori gauzatzeko;
izan ere, guk geuk lor DEZAKEGU, ahal dugula badakigu eta. Ez baita gauza bera,
ezta?