Ak eta Bk gauza
asko dituzte komunean, elkarren artean. Izan ere, txiki-txikitatik, antzeko
bizipenak izan dituzte; herri berean sortu ziren mundura, bertan hazi eta hezi
zituzten, eta kuadrilla bereko kideak ere izan ziren unibertsitate-ikasketak
amaitu arte, bi-biek karrera bera ikasita, gainera.
Bizitzaren
gorabeherek, ordea, bizimodu ezberdina izatera bultzatu zituzten geroztik,
norbere dirua irabazten hasi zinenez geroztik. A bizizaleagoa zen eta, nolabait
esatearren, irabazten zuen guztia gastatu egiten zuen; zenbat irabazi, hainbat
gastatu, edo, bestela esanda, irabazi ahala gastatuz bizi zela esan liteke. B,
osterantzean, zuhurragoa zen eta, etorkizun aurreikusezinak kezkatuta edo,
irabazten zuenaren zati handi bat aurreztu edota inbertitu nahiago izaten zuen,
geroan zer gerta ere; hala ere, inolako pribaziorik gabe bizi zela esan liteke,
eroso.
Egun, berrogeita
hamar urte beteak dituzte biek ala biek; mende erdia, biei esatea gustatzen
zaien bezalaxe. Eta ospatzeko nahikoa arrazoi, herriko kintoen bazkari batean,
berriz ere elkartu dira A eta B, gainerako hainbat adinkiderekin batera. Giro
ezin hobean bazkalduta, bazkalostekoan, bakoitzaren bizitzari errepasotxoa
ematen hasi dira, ohikoa den bezala, halakoetan. Orduantxe konturatu dira
zeinen bizimodu ezberdina duten, egun, garai batean berdintasun batetik
abiatutako mutiko haiek. Orduantxe jakin dute, esaterako, krisi puta honek
eraginda, Ak lanpostua galdu duela, eta ezin diola, orain, bere betiko bizimodu
libre eta libertarioari aurre egin. Bk, baina, nola edo hala, eutsi egin dio
krisiari, bere ohiko bizimodu zuhurrean, lanpostua galdu barik, eta inbertsio
moduan hondartza aldean erosi zuen apartamendu hura bere familiakoekin
disfrutatzen duelarik.
Bazkalosteko
elkarrizketan ere jakin dute, orain, ezkerreko alderdi batean militatzen duela
Ak, eta, agerian diren bidegabekeriak ikusita, zertxobait egin beharra dagoela
aldarrikatzen du, lau haizeetara, gutxien daukatenen alde. Esaterako, gehien
dutenei zergak handitu behar zaizkiela
dio, gutxien dutenek egoerari hobeto aurre egin ahal izateko. Eta adibide gisa
jarri du etxe hutsa dutenei bikoiztu edo hirukoiztu ere egin beharko
litzaiekeela IBI zerga, batez ere etxerik ere ez dutenei laguntzekotan.
Bk, horren arabera,
bikoitza edo hirukoitza ordaindu beharko luke hondartzako etxetxoagatik. Bere
ahaleginaren ondorio hutsez lortu duenagatik zigortu nahi dutela pentsatzen du.
Berak ez du, Ak bezala, mundua ezagutu bidaia luze eta abenturazaleak eginda;
ez du, Ak bezala, gaztaroko hainbat esperientzia izan, nahiago izan baitu,
bizimodu zuhurragoa eginik, bizitza orekatuago bat lortu. Horregatik, ez du
ulertzen Aren exijentzia, eta, areago, ez du uste Ak baino gehiago duenik,
ezpada ezberdin kudeatu dituela bere aukerak.
C naiz ni, kintoen bazkari horretan ere izan naizena. Eta galdera bat
buruan etorri naiz gaur, etxera bueltan: nork du gehien? Ak ala Bk?