Txundituta utzi
nau, gaur goizean, bost urteko semeak. Gosaria prestatzen ari nintzaiola, bera
zain, zera bota dit, bat-batean: “Aita, aitite hil zanean, zu zelan
senditu zaren?” Oraindik ez daki ondo iragana esaten, eta zaren edo doten esaten
ditu, zinan edo neban (nuen) adizkien truke. Hizkuntzaz oraindik gabeziak dituen
arren, heriotzaren inguruan izan duen kezka horrek harritu nau, edonola ere.
Segundo batzuetan
zer erantzun ez nekiela, gero, triste eta txarto sentitu nintzela erantzun
diot. Eta berak, jarraian, “zu hiltzen zarenean, neu be triste eta txarto
sentiduko naz” bota du. “Nik ez dot nahi zu hiltzea” segitu du, eta isildu egin
da, gero. Eskolan heriotzaren inguruan zer edo zer landu dutela pentsatu dut nik,
baina ezetz esan dit berak, hori berak bakarrik pentsatu duela gaineratuta;
horrela, besterik gabe.
Lipar batez,
abiadura itzelean, eszenatoki ezberdinak pasatu zaizkit burutik, semeak
txiki-txikia zelarik nire aita zena ezagutu zuen hartatik eta balizko nire
bat-bateko heriotza baterainokoak, semea aita barik utziaz. Eta zera pentsatu
dut, neuk ere, berak bezala, ez dudala hil nahi, ez oraindik behintzat. Seme
biak koskortu eta, neurri batean, gizonduta ere ikusi nahi nituzke hil
aurretik, baina batek daki non, zein txokotan dudan zain Herio.
Lipar hori igaro
egin da, eta eguneroko kontuez jarraitu dugu hizketan, hirurok, eskolan
egitekoak dituztenez beraiek, eta gero, arratsaldean, eskolara bila joango
natzaiela esanda nik. Ditugun egiteko horiek elikatzen gaituzte, azken batean,
egunerokoan; egitekoak bizi gaitu, nolabait esatearren.
Eta liparrez lipar, aurrera doa denbora, aurrera bizitza, badoakiguna.
Eta, aita hil zitzaidaneko une hartan barik, konturatu naiz zelan sentitu
naizen istant horretan, semeak heriotzaren aukera aipatu didanekoan; triste
sentitu naiz, txarto.